Gizartea -
LAN ESKAINTZA PUBLIKOA
4728 hautagai, 424 erizain postutarako Nafarroan
Elkarretaratzea egin dute azterketa baino lehen, gaizki tratatuak sentitzen direla salatzeko. Pandemiako bi urteetan, txandak bikoiztu, bajan ziren lankideak ordezkatu... lanean etengabe aritu ondotik, ikasteko betarik gabe iritsi direla salatu dute.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
4.728 pertsonak parte hartu dute igande honetan Nafarroako Gobernuak 424 erizain postu betetzeko deitutako lehiaketa-oposizioan (onartutakoen % 87,76).
Proba 16:00etan hasi da Arrosadiako campuseko NUPeko ikasgelategian. Eta aurrez, elkarretaratzea egin dute hautagaiek "gaizki tratatuak" sentitzen direla salatzeko. Pandemiako bi urteetan, txandak bikoiztu, bajan ziren lankideak ordezkatu... eta lanean etengabe aritu ondotik, lan deialdi honetara ahituta iritsi direla salatu dute, bai fisikoki bai mentalki, eta ez dutela ikasteko astirik izan; eta gaur, euren lan-egonkortasuna zegoen jokoan.
424 lanpostu betetzeaz gain, prozesuak aldi baterako kontrataziorako eta aldi baterako barne-sustapenerako hautagaien zerrenda osatzeko balioko du, bai Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan, bai Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan.
Deialdia
Nafarroako Foru Gobernuak gogorarazi duenez, eskainitako 424 plazetatik 192 txanda irekikoak dira, eta beste 191 sustapen-txandakoak. Halaber, 33 plaza gordeko dira desgaitasunen bat duten pertsonentzat, eta beste zortzi, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzat. Prozesuan parte hartzeko onartuak izan ziren 5.357 pertsonetatik 4.811 emakumeak dira eta 546 gizonak.
Hautagaiek 100 galderako test moduko azterketa bat egin behar izan dute eta erreserbako 10 galdera (8 gai orokor eta 72 osasun gai espezifiko zeuden temarioan).
Oposizio fase honek gehienez 60 puntu izango ditu, eta gutxienez 30 puntu lortu behar dira aurrera jarraitzeko.
Oposizio-ariketa gainditu ondoren, lehiaketa-fasea hasiko da, eta gainditu dutenen merezimenduak baloratuko dira. Zehazki, egindako lana, prestakuntza, irakaskuntza- eta ikerketa-lana eta hizkuntzak hartuko dira kontuan. Lehiaketa-faserako aurreikusitako gehieneko puntuazioa 40 puntukoa da.