Gizartea -

Arkauti

877 pertsonak abiatu dute Ertzaintzako edo udaltzaingoetako agente izateko ikasturte berria

Horietako 706 ertzain izateko prestatuko dira, eta 159, EAEko 18 udaletako udaltzaingoetako agente izateko. 267 emakume (% 30,87) eta 598 gizon (% 69,13) dira. Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak agente berrien "talentua" nabarmendu du.

Arkauti. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Arkauti. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Arkauti. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur hasita, Ertzaintzako edo Euskadiko 21 udaletako udaltzaingoetako agente izateko 9 hilabeteko formakuntza jasoko dute 877 pertsonak.

Josu Erkoreka lehen lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak eta Andres Zearreta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariak gaur eman diote hasiera ofiziala Euskal Poliziako agenteen formakuntza-ikastaro bateratu berriari.

2021ean egindako hautaprobak gainditu dituzten 865 ikasle sartu dira Akademian. Horietako 706 ertzain izateko prestatuko dira, eta 159, EAEko 18 udaletako (Azkoitia, Basauri, Bermeo, Bilbo, Donostia, Durango, Etxebarri, Getxo, Hondarribia, Irun, Laudio, Lekeitio, Pasaia, Portugalete, Tolosa, Vitoria-Gasteiz, Zarautz eta Zumaia) udaltzaingoetako agente izateko.

267 emakume (% 30,87) eta 598 gizon (% 69,13) dira. Gehienek (590, % 68,2) 24 eta 33 urte bitartean dituzte, eta Euskadin bizi dira gehienak: 102 Araban (% 11,8), 558 Bizkaian (% 64,5) eta 166 Gipuzkoan (% 19,2). 753k (% 87) egiaztatu dute euskarako B2 edo C1 maila, eta 386k (% 44,6) goi-mailako ikasketak egiaztatu dituzte (graduak, lizentziak, etab.).

Gainera, formakuntza-ikastaro honetan, beste 12 ikasle ere prestatuko dira, euren hautaketa-prozesuak egin dituzten baina Arkautiko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian formakuntza jasoko duten 3 udaletako (Trapagaran, Ondarroa eta Astigarraga) udaltzain izateko.

Josu Erkoreka lehen lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak agente berrien "talentua" nabarmendu du, eta adierazi du Euskadin delitu-modu berriei, besteak beste, ziberdelinkuentziari, aurre egiteko behar diren "gaitasun eta trebezia berrituak" dituzten gazteak direla.

Alde horretatik, Euskadin ziberdelinkuentziak izan duen "igoera geraezina" azpimarratu du. Poliziak gaur egun ikertzen dituen 5 delituetatik 1 Internet bidez egiten da, batez ere ziberiruzurrak dira, eta Euskadin ikertzen diren iruzur guztien ia % 89 dira dagoeneko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erdekidegoko Polizia Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea bideoak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea