Gizartea -

Emakumeak zientzian

Matilda gehiegi izan dira

Zergatik uxatzen ditu zientziak neskak? Gaur, Zientziako Emakume eta Nesken Nazioarteko Egunean, Lucia de la Vegarekin hitz egun dugu, #NoMoreMatildas estereotipoak iraultzeko "probokazioa" den proiektuaren bozeramailearekin.

Emakume ikertzaile bat. Argazkia: EFE
Emakume ikertzaile bat.
Emakume ikertzaile bat. Argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Ez ikusiarena egin zaie, aitorpena ezeztatu zaie edo baztertuta utzi dira emakume zientzialariak, sexuarekin zerikusia duen fenomeno bat dela eta". Horrela deskribatu zuen Margaret W. Rossiter zientziaren historialariak Matilda efektua 1993an, zientzia-komunitateko bidegabekeriak salatzeko. Emakumeek kontra zuten errealitate bat, gaur egun ere neskatoak zientzialari izateko motibazioan ere eragina duena. Galdera honakoa da: zergatik uxatzen ditu zientziak neskak?

#NoMoreMatildas proiektua erantzunaren bila abiatu zen, emakumeak zientzian duen zeresan urria argitzeko asmoz. Lucia de la Vega proiektuko bozeramailearen arabera, emakume izate hutsagatik "sistematikoki isildu" zituzten emakumeekin egin zuten topo: "Honakoa galdetzen genion geure buruari: 'Nolatan bizi gaitezke jakinda efektu hau badela eta normaltasun osoz onartzen dugula?'. Horrela da eta inor ez da asaldatzen".

"Neskak inspiratzeko moduko emakumeak" bilatu nahian, "behar baino gehiago" aurkitu zituzten. #NoMoreMatildas kanpainakoen asmoa izan zen zientzialari horietako batzuk itzaletik ateratzea, arazoari "izen-abizenak jartzea". Justizia historikoagatik zein konbenientzia sozialagatik ekin zioten lanari. "Neskei adierazi nahi genien zientzia guztiona dela, eta zientzian ibilbidea egiteko gai baino gehiago direla", De la Vegaren hitzetan.

Kontzientziatzeko behar hori ez du soilik zientzian erreferente femeninoen faltak eragiten, eskolako eduki orokorrek ere eragiten baitute; "ehuneko minimora" murrizten dira, gizon kopuruarekin alderatuta. "Zortzi urte inguru dituztenean kristalizatzen dira aurrejuzguak; ondorioz, neskak ez daude motibatuta zientzian aritzeko", azaldu du De la Vegak. Emakumeek egindako ekarpenak ezagutu gabe, neska gutxi ikusten da gai STEM (zientzia, teknologia, ingeniaritza, matematika) graduren bat egiteko.

De la Vegak azpimarratu du "Matilda efektua" oraindik badela indarrean: "Berriro gerta ez dadin saiatu behar gara. Agian ez du aspaldiko eragina, baina bada itxi gabeko zirrikituren bat. Horregatik borrokatu behar dugu, neskak inspiratzeko". Hemendik aurrera, Matilda gehiago ez izateko.

Nahitaezko irakurketa

#NoMoreMatilda kanpainak duela urtebete ikusi zuen argia "aldarrikatzeko asmoz". Emakume Ikertzaile eta Teknologoen Elkartearekin (AMIT) batera, Gettingbetter estudioak 20 emakume zientzialariren biografiez osatutako eranskin bat argitaratu zuen, baita hiru ipuin ere, emakume jaio izan balira, agian, beste ibilbide bat izango zuten hiru gizon zientzialari famaturen bizitza birplanteatzen dutenak. Einstein, Fleming eta Schrödinger dira horien protagonista.

Eduki horiek "probokazio bat" dira, irakasleek eskoletan erabil ditzaten eta beren kabuz ere edukiak sor ditzaten. Orain, crowfunding kanpaina bat ireki dute, hiru liburu horiek inprimatzeko asmoarekin.

Osakidetzan emakumezkoak dira ikerlarien % 66

Osakidetzako zentroetan osasun arloko ikerketak egiten dabiltzan 2.789 pertsonen % 66tik gora emakumezkoak dira, otsailaren 11n ospatzen den Neska eta Emakume Zientzialarien Nazioarteko Egunaren kariaz Osasun Sailak emandako datuen arabera.

Aurten ere, Osasun Sailak eta Osakidetzak (ikerketara zuzendutako Bioaraba, Biocruces-Bizkaia, Biodonostia eta Kronikgune zentroekin batera) bat egingo dute egun horrek ekarriko dituen "ospakizunekin".

Horregatik, zientzia eta teknologiaren esparruetan berdintasun politikekiko duten konpromisoa berretsi dute, baita ikerketaren eta berrikuntzaren alde egindako apustua ere.

Osasun Sailak eta Osakidetzak, baina, kezka agertu dute zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika sektoreetan dagoen genero arrakalaren aurrean, nahiz eta azpimarratu duten EAEn egoera bestelakoa dela, aipatu zentroetan, ikerketa proiektuetako parte-hartzaileen artean, emakumezko gehiago baitaude gizonezkoak baino.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Zientzia Hezkuntza Zientzia hedapena gaur Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna