Gizartea -

KORONABIRUSA

Osasun larrialdiaren amaiera: Euskadik murrizketa guztiak kenduko ditu astelehenetik aurrera

Honenbestez, kirol ekitaldien aforoek eta musukoa barruan erabiltzeko derrigortasunak bakarrik jarraituko dute indarrean, Lurralde arteko Osasun Kontseiluaren eskumena baitira.

Jendea Donostiako Alde Zaharrean. Artxiboko argazkia: EFE
Jendea Donostiako Alde Zaharrean. Artxiboko argazkia: EFE
Euskadik murrizketa guztiak kenduko ditu astelehenetik aurrera

5:38

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak zuzentzen duen LABI instituzionalak covid-19ari aurre egiteko neurri murriztaile guztiak kentzea eta larrialdi egoera indargabetzea erabaki du datorren astelehenetik aurrera, EiTB Mediak jakin ahal izan duenez.

Honenbestez, kirol ekitaldien aforoek eta musukoa barruan erabiltzeko derrigortasunak bakarrik jarraituko dute indarrean, Lurralde arteko Osasun Kontseiluaren eskumena baitira.

Horrela, Euskadik osasun larrialdi egoeran egoteari utziko dio, eta bizitza normalizatuago bat berreskuratuko du, orain arteko neurri murriztaileak atzean utziz. Besteak beste, kultura, gizarte eta merkataritza jardueren itxiera 01:00etan, % 60 aforo orokorra, barran kontsumitzeko debekua eta hamar pertsona arteko taldeen muga bertan behera geratuko dira.

Bestalde, ostegun honetan ere jakinarazi dutenez, musukoa ez da derrigorrezkoa EAEko ikastetxeetako jolastokietan.

Covid pandemiaren bilakaera onarekin justifikatu du Iñigo Urkullu lehendakariak erabakia. "Parametro guztiak behera" egiten ari direla erantsi du lehendakariak agerraldian. Omikron aldaera Europa osoan "atzera egiten" ari dela esan du buruzagiak.

Bestalde, txertorik jaso ez duten pertsonen artean ospitaleratzeko arriskua laukoizten dela gogorarazi die Urkulluk herritarrei. "Ospitalean bukatzeko lau aldiz arrisku handiago dute txertorik jaso ez dutenek", errepikatu du lehendakariak.

Iñigo Urkullu lehendakariaren agerraldi osoa, LABIren bileraren ostean
Iñigo Urkullu lehendakariaren agerraldi osoa, LABIren bileraren ostean
Iñigo Urkullu lehendakariaren agerraldi osoa, LABIren bileraren ostean

8:16

R0 0,68an kokatu dela azaldu du lehendakariak, "2021 osoan izan ez den" datua, "ezta konfinamenduaz geroztik 2020 osoan ere".

Urkulluren hitzetan, gaurko egoera eta urrikoa "ez dira alderagarriak", orduan delta aldaera zen nagusi, eta omikronekin "ez du zerikusirik".

Positiboen kopurua, ospitaleetako presioa eta ZIU oheen okupazioa behera egiten ari dela gaineratu du Urkulluk. Gainera, adierazle guztien arabera, "datozen asteetan hori izango da joera", azpimarratu du.

Omikron aldaeraren jokabidea hobeto ezagutzen dutela ziurtatu du buruzagiak, proportzioan ospitaleratze eta kasu larri gutxiago eragiten dituelako. Urrian ez bezalako txertaketa portzentaje bat dagoela gogorarazi du lehendakariak, baita "immunitate natural handiagoa" ere.

"Ezin dugu etengabe osasun larrialdian egon, eta murrizketak arintzeko osasun baldintzak ematen direnean, gure betebeharra egitea da, eta une honetan ematen dira", azaldu du.

Zinemetan edo kirol instalazioetan edari eta janari kontsumoa arautzeko ostiral honetan agindu bat jakitera emango du Osasun Sailak, baina larunbatera arte ez da EAEko Aldizkari Ofizialean argitaratuko.

Nahiz eta pandemiaren bilakaera ona izan, lehendakariak gizarteari auto babeserako neurriak modu "arduratsuan" betetzeko eskatu dio. Era berean, azken bi urteetako esfortzua aitortu dio.

"Pandemian jarraitzen dugu, eta gutako bakoitzak betetzen jarraitu beharreko neurriak badakizkigu", errepikatu du.

Azkenik, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak adierazi duenez, Osakidetzak "pixkanaka" ohiko zerbitzuak berreskuratuko ditu, pandemiaren bilakaerak hobera egiten duen heinean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Txertoak Koronabirusa LABI Maskarak Osasun larrialdia Covid pasaportea