Gizartea -

Koronabirusa

Haurrek ez dute maskara jantzi beharko EAEko eskoletako jolastokietan

Neurria gaur bertan sartu da indarrean. Halaber, eskolaz kanpoko jarduerak Gabonetako oporren aurreko neurrietara itzuliko dira. Dena dela, burbuila taldeei eutsi die Sailak, aurrerago neurri hori ere kentzea baztertzen ez duen arren.

Hainbat haur eskolara bidean. Argazkia: EFE
Hainbat haur eskolara bidean.
Ikasleek ez dute musukoa jantzi beharko EAEko eskoletako jolastokietan

1:17

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroan gertatzen den gisan, musukoa ez da derrigorrezkoa Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ikastetxeetako jolastokietan. Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua Gotzone Sagardui Osasun sailburuarekin bildu da Legebiltzarrean, eta han erabaki dute. Gaur bertan sartu da indarrean neurria.

Biak ala biak Legebiltzarrean batzartu dira goizean Euskadiko egoera epidemiologikoa zein Espainiako Gobernuaren dekretua aztertzeko. Azken horren arabera, umeek ez dute zertan musukoa erabili behar, betiere aire zabalean daudenean.

Hezkuntza Sailak goizean bidali die ikastetxeei aldaketa jasotzen duen zirkularra. Moldaketok berehala sartu dira indarrean.

Urtarrilean osasun protokoloa zorroztu zuen Bildarratz buru duen Sailak, eta musukoa derrigorrezko egin zuen berriro Bigarren Hezkuntzako jolastokietan. Urritik maskara gabe ibil zitezkeen 12 urtetik gorakoak, betiere 1,2 metroko distantzia mantenduta. Kasu honetan, Hezkuntza Sailak ez dio distantziari aipamenik egiten, baldintza bakarra burbuila taldeak mantentzea izango da.

Sei urtetik beherakoentzat musukoa ez da nahitaezkoa izango, orain arte bezala. 

Burbuila taldeak, bere horretan

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak kazetariei azaldu dienez, "azken bi asteetan pandemiak beherantz" egin du ikastetxeetan, eta atzo bertan bi gela baino ez zituzten itxita. "Zentzu horretan, gaurtik aurrera ikasleak atera daitezke patiora musukorik gabe (...) beti saiatuz burbuila taldeak mantentzen", azaldu du.

Hain justu, hori da Sailak mantendu duen neurrietako bat. Bildarratzek aitortu du, agian aurrerago, aste batzuen buruan, taldeak nahasteko aukera izango dela, baina oraindik "goizegi" dela.

Eskolaz kanpoko jarduerak

Bada beste aldaketarik: eskolaz kanpoko jardueretan Gabonetako oporren aurreko neurrietara itzuliko dira. Hots, hemendik aurrera burbuila talde ezberdinetako ikasleak nahastu ahalko dira jarduerotan. Dena dela, gomendioa da jarduera horiek aire zabalean egitea, edo ondo aireztatutako leku itxietan.

Eskoletako zuzendariei igorritako gutunean Hezkuntza Sailak dioenez, "beheranzko kutsatze joera hasi dugu, omikron aldaerak sortutako egoera pandemiko konplexuaren ondoren". Horregatik, Jarraipen Batzorde Teknikoak erabaki du Prebentzio Neurrien Protokolo Orokorra "beste behin eguneratzea".

Dena dela, ohartarazi duenez, ikastetxeek "erne jarraitu" behar dute protokoloan jasotzen diren neurriak betetzen, "batez ere aireztapen egokiari dagokionez, taldeen kudeaketa egokiari dagokionez, bizikidetza talde egonkorren estankotasuna bermatuz, eta maskara barrualdean behar bezala erabiliz".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Euskal Eskola Publikoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Osasun albisteak Umeak Koronabirusa Maskarak