Gizartea -
astronomia
Planeta berri bat hauteman dute eguzkitik hurbilen dagoen izarraren inguruan
Sisteman hauteman duten hirugarrena da, eta orain arte Proxima Centauri, gure eguzki-sistematik hurbilen dagoen izarra, orbitatzen aurkitutako arinena.
agentziak | EITB Media
Very Large Telescope (VLT) erabiltzen duen Txileko Europako Behatoki Astraleko (ESO) astronomo-talde batek Proxima Centauriren inguruan (gure eguzki-sistematik hurbilen dagoen izarra) orbitatzen duen planeta baten zantzuak aurkitu ditu, Astronomy & Astrophysics aldizkariak argitaratutakoaren arabera.
Planeta-hautagaia sisteman hauteman duten hirugarrena da, eta orain arte izar hori orbitatzen deskubritu duten arinena. Lurraren masaren laurden bat baino ez du, eta inoiz aurkitutako exoplaneta arinenetako bat da.
João Faria Portugalgo Astrofisika eta Espazioko Zientzien Institutuko ikertzaile eta azterlanaren egile nagusiak azaldu duenez, aurkikuntzak "agertu du gure izarretako bizilagun hurbilenak mundu berri eta interesgarriz betea dirudiela, ikerketa eta esplorazio berrien irispidean".
Eguzkitik hurbilen dagoen izarra da Proxima Centauri, lau argi-urte ingurura.
Aurkitu berri duten planetak Proxima D du izena, eta Proxima Centauriren inguruan orbitatzen du lau milioi kilometro inguruko distantzian, Merkuriotik Eguzkirako distantziaren hamarren bat baino gutxiago. Izarraren eta eremu bizigarriaren artean orbitatzen du, eta bost egun besterik ez du behar Proxima Centauriren inguruan orbita bat osatzeko.
Jakina da izarrak beste bi planeta hartzen dituela barne: Proxima B, Lurraren antzeko masa duen eta izarra 11 egunean behin orbitatzen duen planeta, eremu bizigarriaren barruan, eta Proxima C hautagaia, izarraren inguruko bost urteko orbitan dagoena.
Lurreko masaren laurden batekin, Proxima D abiadura erradialaren teknikarekin inoiz neurtutako exoplanetarik arinena da, L 98-59 planeta-sisteman berriki aurkitutako planeta baino arinagoa.
Pedro Figueira Txileko ESOko ESPRESSO taldeko zientzialariak esan du lorpen hau "izugarri garrantzitsua" dela. Agerian utzi du abiadura erradialaren teknikak gurea bezalako planeta arinen populazio bat aurkitzeko ahalmena duela. "Gure galaxiako ugarienak izatea espero da, eta bizitza izan dezakete, ezagutzen dugun moduan".