Gizartea -

JOKOAREN ARAUDI BERRIA

Nolako eragina izango du araudi berriak Euskadiko 258 joko-establezimenduetan?

Jokoaren araudi berria EAEko Aldizkari Ofizialean publikatu da gaur, eta bihar sartuko da indarrean.

Infografia: EITB Media
Infografia: EITB Media
Infografia: EITB Media

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak jokoaren araudia zorroztu du, eskaintza egokitzeko, joko patologikoa prebenitzeko eta osasun publikoa bermatzeko. Dekretu berria gaur publikatu da EAEko Aldizkari Ofizialean, eta, horren ondorioz, hainbat joko-areto itxi egin beharko dituzte; izan ere, besteak beste, ezingo da horrelako establezimendurik egon ikastetxeetatik 150 metro baino gutxiagotara.

Egun, Euskal Autonomia Erkidegoan, hipodromo bat, bi kasino, 14 bingo, 32 apustu-etxe eta 209 joko-areto daude, Jokoaren Euskal Behatokiaren arabera, baina araudi berriarekin, 39 joko-areto itxi beharko dituzte.

Gainera, Jaurlaritzak hiru urtean behin berrikusiko du joko-establezimenduen eskaintza, "unean uneko egoerara egokitzeko".

Hain zuzen ere, hauek dira bihar, asteazkena, indarrean sartuko diren neurri berriak, gaur (2022ko otsailak 15) EAEko Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren:

- Joko-establezimenduen arteko gutxieneko distantzia fisikoak mugatuko dira. Hala, edozein eratako joko-aretoen artean gutxienez 500 metroko tartea izan beharko da, nahitaez. Era berean, ezingo da joko-areto edo apustu-etxerik egon ikastetxe arautuetatik 150 metro baino gutxiagotara.

- Euskadiko joko-aretoen kopurua mugatu egingo da. Aurrerantzean, hiru kasino (lurralde historiko bakoitzeko bat), hipodromo bat, 14 bingo, 60 apustu-etxe eta 170 joko-areto egongo dira, araudi berriaren arabera.

- Ez da makinak ustiatzeko baimen berririk emango. Egun, 7.897 joko-makina daude ostalaritzako lokaletan. Horrez gainera, joko-postu bakoitzak 3 metro karratu izatea ere ezarriko da.

- Joko-aretoen sarrerak kontrolatu beharko dituzte, baita ostalaritza-eremuetakoa ere. Adingabeen, ahalmena mugatuta dutelako debekatu gisa erregistratuta dauden pertsonen, euren buruari sartzea debekatu dietenen eta abarren sarrera kontrolatu beharko dute lokalek.

- Publizitatean murrizketak indartuko dira. Debekatuta egongo da jokoari buruzko publizitatea egitea komunikabideetan 06:00etatik 24:00etara. Aldi berean, ezingo da ospe publikoa duten pertsonekin edo adingabeekin egindako iragarkirik argitaratu, eta publizitateak ezingo du iradoki jokoa dirua azkar eta ahaleginik egin gabe lortzeko metodo erraza dela.

Era berean, kirol ekipamenduak edo kamisetak ezingo dira babestu jokoaren arloko establezimendu, enpresa edo operadoreekin, eta debekatuta geratuko da kirol-zentroetatik 150 metrora baino gutxiagora publizitate liburuxkak banatzea edo kanpoko publizitatea jartzea.

- Zabaldu egin da debekatuen erregistroan izena eman ahal izateko lekuen sarea. Osakidetzan eta errehabilitazioko elkarteetan ez ezik, ertzain-etxeetan, joko-aretoetan bertan eta online jokorako etxeetan ere egin ahal izango dira izen-emateak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Azken ordukoa Bizkaia Gipuzkoako albisteak Araba Eusko Jaurlaritza berriak Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea albisteak Ekonomia berriak Gaurko titularrak Albisteak