Gizartea -

KORONABIRUSA

5.671 pertsona hil dira covidaren ondorioz EAEn pandemia hasieratik, 542 aurtengo urtarrilean

2020ko apirilean bakarrik hil ziren pertsona gehiago hilabete bakarrean. Emakume gehiago kutsatu dira koronabirusarekin azken bi urteetan, baina gizon gehiago hil dira.

Basurtoko Ospitaleko ZIUa. Argazkia: EFE
Basurtoko Ospitaleko ZIUa. Argazkia: EFE
Basurtoko Ospitaleko ZIUa. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2020ko otsailaren 28an Eusko Jaurlaritzak lehenengo bi koronabirus kasuak baieztatu zituenetik (bata Gipuzkoan eta bestea Araban), 610.000 positibo inguru erregistratu dira EAEn. Kasu gehienak 40 eta 49 urte bitartekoen artean izan dira: 117.708.

Emakume gehiago kutsatu dira (317.941) gizon baino (291.999), baina hildakoei erreparatuz gero, gizonezko gehiago hil dira (2.906) emakumezko baino (2.765).

Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, 5.671 pertsona hil dira Euskal Autonomia Erkidegoan pandemia lehertu zenetik. 542 pertsona urtarrilean, seigarren olatua bete-betean zela; eta aurrez, abenduan, beste 181.

Urtarrila izan da, hain zuzen ere, pandemia osoan hildako gehien izan den bigarren hilabetea (227.000 kasu positibo ere izan dira), 2020ko apirilaren atzetik. Pandemia hasiera hartan, 904 heriotza eragin zituen covid-19ak hilabete bakarrean.

Covidagatik heriotza gutxien erregistratu ziren hilabetea, berriz, 2020ko uztaila izan zen, 12 hildakorekin.

Astelehenean argitaratuko du Osasun Sailak azken asteko heriotzen datua. Aurreko asteko txostenean, urtarrilaren 31tik otsailaren 6ra doanean, 74 hildako izan ziren.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa