Gizartea -

Indarkeria matxista

Espetxean sartu dute Gernikan bikotekideari eta beste bi pertsonari eraso egin zien gizona

Kartzelatutako gizonak hainbat ostikada eman zizkion bere bikotekideari, kalean, eta emakumeari laguntzera hurbildu ziren bi herritarrei labana batekin eraso egin zien.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Epaileak espetxera bidali du Gernikan bikotekideari jotzeagatik eta emakumeari laguntzera bertaratu ziren bi bizilagunei labana batekin eraso egiteagatik igande goizaldean atxilotu zuten gizona.

Segurtasun Sailak azaldu duenez, gertakariak igandean, goizaldeko 01:40 inguruan, jazo ziren Gernika erdigunean. Bi lekukok bikotea eztabaidan ikusi zuten eta gizonak emakumeari bi ostikada eman zizkionean, biktimari laguntzera bertaratu ziren.  

Une horretan, baina, gizonak labana bat atera zuen eta bietatik bati zauria egin zion hanka batean eta besteari ahoan jo zion. Jarraian, ihesean joan zen.  

Ertzaintza iritsi zenean, zauritutako bi gizonezkoak Gernikako Ospitalera eraman zituzten, eta emakumea handik hurbil topatu zuten. Gertatutakoari buruz galdetu zioenean, erasotzailea ezagutzen ez zuela erantzun zien eta eztabaida bultzakada baten ondorioz hasi zela kontatu zien.

Alabaina, ertzainek egiaztatu zuten ez zuela egia esan eta erasotzailea bere bikotekidea zelan. Baimen judiziala lortu zutenean, emakumearen etxebizitzan sartu ziren eta bertan topatu zuten 43 urteko susmagarria. Lesioak eta genero indarkeria delituak egotzita atxilotu zuten.

Epailearen aurrera eraman dute astelehen honetan eta honek atxilotutako gizona espetxean sartzeko agindua eman du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Gernika-Lumo Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa