Gizartea -

Koronabirusa

Ostalaritzan eta gaueko aisialdian neurriak arindu dituzte Ipar Euskal Herrian

Abendutik itxita dauden dantzalekuek ateak zabalduko dituzte, eta taberna barruetan zutik kontsumitu ahalko da. Kontzertuak ere zutunik entzun ahalko dira.

Gaurtik aurrera zutik kontsumitu ahalko da tabernetan. Argazkia: EITB Media
Gaurtik aurrera zutik kontsumitu ahalko da tabernetan.
Gaurtik aurrera zutik kontsumitu ahalko da tabernetan. Argazkia: EITB Media

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Omikron aldaeraren zartakorik handiena igarota, koronabirusari aurre egiteko neurriak arintzeari ekingo dio gaurtik Frantziako Gobernuak. Hala, ostalaritzari eta gaueko aisialdiari ezarritako murrizketetako batzuk indargabe geratuko dira asteazken honetan Ipar Euskal Herrian.

Abendutik itxita dauden dantzalekuek ateak zabaldu ahalko dituzte, eta horrekin batera, tabernetan zutik kontsumitzeko aukera berreskuratuko dute bezeroek. Halaber, kontzertuak zutunik jarraitu ahalko dira.

Olivier Veran Frantziako Osasun ministroak gaur iragarri duenez, baliteke martxoaren erdialdean barrualdeetan, garraio publikoan eta lantegietan musukoaren derrigortasuna altxatzea, betiere ospitaleen egoeraren arabera. Horrez gain, aurreratu du, pandemiaren bilakaera ona bada, martxoaren amaieran bertan behera gera daitekeela txertaketa ziurtagiria.

Are malguago, neguko oporren ondoren

Neguko oporren ostetik neurriak are gehiago arinduko dituzte, eta egutegi progresiboa ezarri dute horretarako: otsailaren 21ean, 28an eta martxoaren 7an, hurrenez hurren, Frantziako Estatuko B, A —Ipar Euskal Herria, kasu— eta C guneetan ezarriko dituzte neurriak.

Otsailaren 28tik aurrera, txerto ziurtagiria eskatzen duten barnealdeko tokietan ez da musukorik beharko Ipar Euskal Herrian. Garraiobide publikoak izango dira salbuespen bakarra. "Osasun egoerak hobera" egin duela argudiatuta, hala erabaki du gaur Frantziako Gobernuak.

Horrez gain, positibo baten kontaktu estuek egin beharreko proba kopurua ere murriztuko du Osasun Ministerioak. Data horretatik aurrera, proba bakarra egin beharko dute, harremana izan eta bi egunera —orain hiru dira: kontaktua izan eta bi egunera, lau egunera, eta zortzi egunera—. Koarentenen iraupena ez dute aldatuko.

Halaber, eskoletako protokoloa ere arinduko du Hezkuntza Ministerioak. Hartara, maskara ez da derrigorrezkoa izango jolastokietan, ezta barrualdeetan ariketa fisikoa egiteko. Haurren kasuan ere, kontatu estua izateagatik egin beharreko probak bakarrera murriztuko dituzte.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Iparraldea argazkiak Frantzia berriak Baionako argazkiak Gaixotasunak argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Tabernak Zuberoa Koronabirusa Lapurdiko berriak Nafarroa Behereko azken ordukoa Macronen Gobernua Maskarak gaur