Gizartea -
Aldaketa klimatikoa
Azken ehun urteetan bezainbeste igoko da itsasoaren maila 2050era arte
"Aurretik egindako ikerketak berresten ditu txosten honek, eta aspalditik genekien zerbait baieztatzen du: itsasoaren maila oso agudo ari da hazten, eta arriskuan jartzen ari da mundu guztiko herrialdeak", esan du Bill Nelson NASAko kudeatzaileak.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Datozen 30 urteetan ozeanoa azken 100 urteetan bezainbeste haziko dela aurreikusi dute NASA Espazio Agentziak eta AEBko Gobernuaren beste erakunde batzuek.
Kostan, orain arte baino askoz uholde gehiago egongo dira 2050era arte, itsasoaren mailaren hazkundea dela eta, aipatu erakundeek egin duten ikerketak erakusten duenez.
Otsailaren 15eko data duen txosten horren arabera, 10-12 hazbete (25-30 zentimetro) igoko da itsasoaren maila AEBko kostaldean.
2017an egindako txostena eguneratu dute, hain zuzen ere, eta 2150era arte itsasoaren mailak izango duen bilakaera aztertu dute bertan. Epe laburreko aurreikuspenak egiten dituzten lehenengo aldia da, gainera.
"Aurretik egindako ikerketak berresten ditu txosten honek, eta aspalditik genekien zerbait baieztatzen du: itsasoaren maila oso agudo ari da hazten, eta arriskuan jartzen ari da mundu guztiko herrialdeak. Zientzia eztabaidaezina da, eta berehalako erantzun bat behar du dagoeneko abian den krisi klimatikoak", esan du Bill Nelson NASAko kudeatzaileak.