Gizartea -

Sexu abusuak

Bi urte eta bederatzi hilabeteko kartzela zigorra, Iruñean loba adingabeari sexu abusuak egiteagatik

Abusuak "justifikatu" nahian-edo, "familia lotura" zegoela eta "neskatoaren sexu nahiak asetzeko" zaintzen zuela adierazi zuen auzipetuak.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Auzitegiko Bigarren Atalak bi urte eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio Iruñean loba adingabeari sexu abusuak egiteagatik auzipetutako gizon bati. Bi garaitan egin zizkion abusuak: adingabeak 9 eta 10 urte bitartean zituenean eta 13 eta 14 urte bitartean zituenean.

Epaiak jaso duenez, fiskalak, akusazio partikularrak eta abokatuak zigorrarekin lotutako akordioa lortu dute. Hala, espetxeratzea ez ezik, 20.000 euroko kalte ordaina adostu dute biktimarentzat.

Baldintza aringarri gisa hartu dute eragindako minaren ordaina, epaiketa egin aurretik kalte ordaina adostu zutelako, ohar batean Auzitegiak jakinarazi duenez. 

58 urteko akusatuak, Iruñean jaioa eta 2003an jaiotako adingabearen odoleko osaba denak, abusuak "justifikatu" nahian-edo, "familia lotura" zegoela eta "neskatoaren sexu nahiak asetzeko" zaintzen zuela adierazi zuen.

Ebazpen judizialaren arabera, 2012 eta 2013 bitartean, etxera eramaten zuen loba, eta han egiten zizkion abusuak.

2016tik aurrera, baina, autoan leku bakartietara eramaten zuen.

Halaber, 2017an lobari abusuak egin zizkion, neskatoa eta haren neba "zaintzen" ari zela.

Sexu abusuek kalte psikologikoak eragin dizkiote neskatoari, behin baino gehiagotan "depresioak jota" egon delako, eta oso "autoestimu baxua duelako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Indarkeria matxista Nafarroa Epaiketak Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Sexu erasoak