Gizartea -
sexu abusuak
'Gaztelueta' kasuko biktimak bide zibiletik eraman ditzake auzitara eskola eta sexu abusuengatik kondenatua
Auzitegi Konstituzionalak atzera bota du bi urteko kartzela zigorra jasotako irakasleak jarritako helegitea.
agentziak | eitb media
'Gaztelueta' kasuko biktimak bide zibiletik eraman ditzake auzitara Leioako Gaztelueta eskola eta zentro horretako irakaslea, Auzitegi Konstituzionalak horrek jarritako helegitea atzera bota duela jakinda. Auzitegi Gorenak zigortu zuen ikasle bati etengabeko sexu abusuak egiteagatik, biktima adingabea zenean, 2008 eta 2010 artean.
Auzitegi Konstituzionalaren erabakiarekin, itxita gelditu da bide penala. Orain, kalte-ordaina eskatu diezaiokete irakasleari, egotzi zaizkion gertaerengatik, eta eskolari, Kode Zibilean jasotako 'in vigilando' ardura bete ez izanagatik.
"Zure semea eskolan utzi eta hura jasotzean egoera berdinean ez dagoenean, eskolak dauka gertatutakoaren gaineko ardura", azaldu du Juan Cuatrecasasek, biktimaren aitak.
Auzitegi Gorenak 11 urtetik 2 urtera jaitsi zuen irakasleari ezarritako espetxe-zigorra. Izan ere, aintzakotzat hartu zuten ikaslea adingabekoa zela gertakarien unean eta auzipetuak etengabeko abusuak egin zizkiola baina, uste izan zutenez, ez zeuden frogatuta biktimak deskribatutako gertakaririk larrienak.
Ikasleak, orduan, Bizkaiko organo jurisdikzionalari eskatu zion kondenatua berehala espetxeratzeko, baina Bizkaiko Auzitegiak eskaera gaitzetsi zuen, espetxean sartzeko bi urtetik gorakoa izan behar baitu zigorrak, auzipetuak ez badauka aurrekaririk eta ez badago berrerotzeko arriskurik.
Cuatrecasasek adierazi duenez, "ezin dut ulertu sistema batek erabakitzea adingabe bati sexu abusuak egiteagatik bi urteko espetxe-zigorra duen pederasta batek ez duela kartzelan egon behar". Gaineratu du kondenatutako pederasta guztiak jasotzen dituen Barne Ministerioko zerrendan sartu dezaten eskatuko duela; horiek kartzelan sartuko ez badira ere, "behintzat adingabeekin harremanetan egon ez daitezen".
Biktimaren aitak azaldu duenez, "mina edo trauma dakartzan edozein delitu egindako pertsonak dira ordaindu behar dutenak".
'Gaztelueta' kasua bide penaletik garatu zenean, biktimak uko egin zion erreklamazio ekonomikoari, eta orain bide zibiletik ireki zaio aukera hori. "Bide penala itxitzat eman dutelarik, erabateko eskubidea daukagu bide zibilera jotzeko, baina geure abokatuak aukera hori aztertzen ari dira, eta litekeena da aurrera eramatea", esan du biktimaren aitak.