Gizartea -

Sexu-gehiegikeriak elizan

Gasteizko gotzainak esan du adingabeen abusu bat nahikoa dela egoerari "erradikaltasunez" aurre egiteko

"Elizan zuten estatusa aprobetxatuz krimen horiek egin zituztenek ez zuten ardura pastoralik izan behar, eta gutxiago adingabeekin", berretsi du Juan Carlos Elizaldek.

Meza bat elizan. Argazkia: Efe
Meza bat elizan. Argazkia: Efe
Meza bat elizan. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Carlos Elizalde Gasteizko gotzainak esan du nahikoa dela adingabeen aurkako abusu kasu bakar bat egotea Elizan "egoerari erradikaltasunez aurre egiteko".

Elizaldek gutun pastoral bat argitaratu du gaur arabarrei zuzenduta, eta Eliza katolikoaren egunerokotasunean dauden zenbait gai aipatu ditu, tartean "abusuen gaitzaren aurkako borroka".

Gai horren harira Frantzisko aita santuak sustatutako erreformak txalotu ditu, eta azpimarratu du "sekula ez" zirela gertatu behar adingabeen abusuak. Araban Fiskaltza hiru kasu ikertzen ari da.

"Elizan zuten estatusa aprobetxatuz krimen horiek egin zituztenek ez zuten ardura pastoralik izan behar, eta gutxiago adingabeekin", berretsi du.

Elizaldek adierazi du pertsona horiek egin dutenak "neurriz kanpoko" mina eragiten diola, eta tristetu egiten duela komunitate katolikoa, "susmo guztien aurrean adi" egoteko betebeharrarekin batera.

Biktimei "gertutasuna eta babesa" helarazi dizkie, eta "berriro ez errepikatzeko konpromiso irmoa" egon dadin lanean ari omen da eliz barrutia.

"Ahal dugun esfortzu handiena egingo dugu, eta haurtzaroan horrelakoak pairatu zituztenei lagunduko diegu, erasotzailea hil bada ere eta bide zibila preskribatu bada ere"; gaineratu du.

Elizalderen arabera, "Eliza honek egiarantz egin behar du, deserosoa izan arren batzuentzat eta besteentzat. Egia esatea, gardentasun eta zintzotasun gisa, biktimen ondoan egoteko eta gertatutakoa ezkutatzeko asmorik ez zegoela erakusteko modu bat da".

Nabarmendu du Elizak "babes irmoa" ematen diola "baita bide judizialari ere".

Azkenik, uste du Herriaren Defendatzaileak, "arduradun independente eta autonomo gisa", aditu independenteekin eta Elizako ordezkariekin txosten bat idaztea begi onez jo du, "gardentasun eta justizia neurri gisa".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Sexu erasoak Sexu abusuak Eliza Katolikoan Eliza Katolikoa