Gizartea -
eguraldia
Negu giroa espero da astebururako, larunbatean bereziki
Hotza eta prezipitazioak izango dira nagusi asteburu honetan Euskal Herri osoan. Igandean atertzera egingo du, eta tenperatura maximoek gora egitea espero da.
i.l.k. | eitb media
Asteburu honetan hodeiak eta euriak izango ditugu lagun. Tenperaturek ere behera egitera joko dute, larunbatean bereziki, igandean egonkortasuna berreskuratzeko. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak bi abisu hori ezarri ditu ostiralerako eta larunbaterako; izan ere, 3 eta 3,5 metro arteko olatuak espero dira kostaldean.
Euskalmet meteorologia agentziaren arabera, larunbatean giroa hotza eta desatsegina izango da, bereziki goizean. Egunaren lehen partean zerua nahiko lainotuta egongo da eta euria egingo du. Baliteke elur-kota 900 eta 1.000 metro inguruan egotea.
Arratsaldetik aurrera, hodeitza ez da hain trinkoa izango, atertzera egingo du eta hodeitza saretzen joango da. Tenperaturak nabarmen egingo du behera eta leku gehienetan ez dira 10 ºCak gaindituko; gainera, ipar-mendebaldeko haize biziarekin sentsazio termikoa hotzagoa izango da. Egunaren amaieran izotza egin lezake barnealdeko leku batzuetan.
Igandean hodei ugari izango dira iparraldean, eta bereziki ipar-ekialdean; bertan ez da baztertzen tantaren bat edo beste botatzea. Nafarroako hegoaldean, ordea, giroa eguzkitsua izango da.
Mendebal-osagaiko haizea ibiliko da, oro har leun, eta arratsaldean ipar-mendebaldekoa nagusituko da, Ebro ibarrean ziertzo bizia. Tenperatura maximoak hiruzpalau gradu igoko dira, baina minimoak hotzagoak izango dira eta ez da baztertzen Arabako eta Nafarroako zenbait lekutan izotza egitea egunaren hasieran.
Eguraldiaren inguruko informazio eguneratua izateko, eitb.eus-en ikus dezakezu noiznahi, eta zure argazkiak bidali.