Gizartea -
delituak
11.000 jostailu faltsu inguru eta 147.000 piroteknia artifiziotik gora konfiskatu dituzte Basaurin
Konfiskatutako jostailuek arriskua suposatzen zuten kontsumitzaileentzat, umeentzat bereziki, ez zituztelako arauzko kontrolak jarraitzen eta ez zutelako jostailuen segurtasun araudia betetzen.
agentziak | eitb media
Guardia Zibilak 11.000 jostailu faltsu inguru eta 147.000 piroteknia artifiziotik gora konfiskatu ditu Basauriko (Bizkaia) Artunduaga poligonoko bi lokal komertzialetan.
Lehen ikuskatzean, agenteek salmentarako prest zeuden 7.400 inguru faltsututako jostailu topatu dituzte, eta inportatutako 1.700 jostailu, aduanako zergak ordaindu gabe zituztenak.
Gainera, Bizkaiko Komandantziako Arma eta Lehergaien Kontrolerako taldeko kideek F1, F2 eta F3 kategorietako 140.000 piroteknia artifizio topatu dituzte. Era berean, publikoari saltzeko prest zeudenen artean, beste 7.400 piroteknia artifizio topatu dituzte, edukitzeko eta merkaturatzeko baimenik gabe.
Lokaleko arduradunari jabetza industrialaren aurkako delitua egotzi diote, salaketa ipini diote kontrabandoagatik eta beste bi salaketa, Piroteknia Artikuluen eta Kartutxoen Araudiko herritarren segurtasunerako lege organikoa larriki urratu izanagatik, ez zituelako edukitzeko eta merkaturatzeko baimenak. 30.000 eurotik gorako isunak ezarriko dizkiote horregatik.
Konfiskatutako piroteknia baimendutako saltokiek merkaturatu behar zuten. Izan ere, horren arriskugarritasunagatik, ezagutza bereziak behar dituzte saltzaileek, eta saltokiek ere horiek bitegiratzeko segurtasun neurriak izan behar dituzte.
Poligono berean dagoen eta ikuskatu duten bigarren lokaleko biltegian, Bizkaiko Guardia Zibileko agenteek 1.600 jostailutik gora topatu dituzte. Ez zituzten Europar Batasunean merkaturatzeko behar diren muga-zergak ordainduta. Konfiskatu egin zituzten, eta salaketa-akta ezarri saltokiko arduradunari, kontrabandoa egotzita.
Konfiskatutako jostailuek arriskua suposatzen zuten kontsumitzaileentzat, umeentzat bereziki, ez zituztelako arauzko kontrolak jarraitzen eta ez zutelako jostailuen segurtasun araudia betetzen. Gainera, arriskutsuak izan daitezke adingabeen osasun eta segurtasunerako, kalitate urriko materialekin ekoitzita baitaude.