Gizartea -
BANKU-SUKURTSALAK
Adineko pertsonen arreta bermatzeko protokoloa sinatu dute banku-sektoreko elkarteek
Carlos San Juan mediku erretiratuak arreta gizatiarrago baten alde egindako aldarrikapenak biztanleriaren zati handi batek jasaten zuen bazterketa finantzarioa eztabaidaren erdigunean jarri zuen.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Banku-sektoreko elkarteek —AEB, CECA eta UNACC— astelehen honetan sinatu dute adineko pertsonen edo zaurgarriak direnen arreta bermatzeko konpromisoa, horien artean 65 urtetik gorakoena.
Nadia Calviño Ekonomia Gaietarako ministroak prentsaurrekoan azaldu duenez, aurrerantzean "tratu pertsonala eta lehentasunezkoa izango dute adineko pertsonek", eta , bulegoetako aurrez aurreko ordutegiak ere luzatu egingo dira. Gainera, langileei prestakuntza emango zaie eta gainerako arreta bideak ere egokitu eta hobetuko egingo dira. Finantza-erakundeek sei hilabeteko epea dute orain aldaketak egiteko.
Neurrien artean dago, halaber, Finantza Inklusioaren Behatokiaren jarraipena. Bankuek duela hilabete batzuk sortu zuten behatokia da, eta sei hilean behin txosten bat egiteko asmoz eratu zen. Txosten hori publiko egingo da, eta Ministerioak eta Espainiako Bankuak kontrolatuko dute.
"Neurriok nahikoak ez direla edo hobetu daitezkeela egiaztatzen bada, elkarrekin ikusi beharko dugu nola hobetu", gaineratu du Calviñok, eta aurreratu du erakunde arautzaileak landa-eremuko finantza-bazterketari buruzko txosten zehatza argitaratuko duela datozen hilabeteetan.
Pablo Hernandez de Cos Espainiako Bankuko gobernadoreak ere parte hartu du aurkezpenean, eta uste du protokolo horrek "benetako arazoen konponbidearen parte" izan behar duela, "benetako erantzunak behar baitituzte".
Carlos San Juan mediku erretiratuak arreta gizatiarrago baten alde egindako aldarrikapenak biztanleriaren zati batek jasaten zuen bazterketa finantzarioa eztabaidaren erdigunean jarri zuen. Testuinguru horretan, finantza-erakundeek eta Espainiako Gobernuak jarduera-protokoloa zabaltzeko eta egokitzeko konpromisoa hartu zuten.