Gizartea -
epaiketa
34 urteko espetxe-zigorra ezarri diete Jose Antonio Delgadoren hiltzaileei
Zaragozako Auzitegiak 25 urteko zigorra egotzi dio taldeko kide bakoitzari hilketagatik, 6 urtekoa indarkeriazko lapurretagatik eta 3 urtekoa iruzurragatik.
agentziak | eitb media
Zaragozako Auzitegiak 34 urteko kartzela-zigorrak ezarri dizkie guztira Mohammed A.D. eta Hedangeline A.L.-ri, 2019ko irailean Getxoko enpresari bat hiltzeagatik, Pedrolan (Zaragoza).
Kasua hartu zuen epaimahaiak epaia igorri zuen otsailaren 18an. Errudun jo zuten bikotea, Jose Antonio Delgadori indarkeria erabiliz lapurtzeagatik eta hura hiltzeagatik. Ankerkeria, azpikeria eta egindako delitua estali izana dituzte larrigarri. Bi akusatuak 'Badoo-ko banda' zelakoaren kide ziren, eta webgune hori erabiltzen zuten biktimak erakartzeko.
Gainera, fiskaltzak eta herri-akusazioak familiaren izenean leporatu zizkien legearen aurkako atxiloketa eta iruzur delituen errudun jo zituzten.
Zaragozako epaitegiak epaia eman du eta 25 urteko zigorra egotzi dio taldeko kide bakoitzari hilketagatik, 6 urtekoa indarkeriazko lapurretagatik eta 3 urtekoa iruzurragatik. Era berean, 185.618 euroko kalte-ordaina eman beharko diote biktimaren semeari; 56.625 eurokoa amari eta aitari, eta 19.400 eurokoa bere bi anaiei.
Igorritako epaiean, epaimahaikideek ondorioztatu zuten Hedangeline A.L. eta Mohammed A.D. izan zirela euskal enpresariaren indarkeriazko lapurretaren eta hilketaren egileak.
Lekukoen eta adituen frogak kontuan hartuta, epaimahaiak frogatutzat eman zuen Jose Antonio Delgado Luceni (Zaragoza) herrira doan errepideko puntu bateraino erakarri zutela, akusatuarekin sexu-harremanak eskaintzen zituen Badoo-ko iragarki bat medio, eta bertara iritsi eta berehala eraso egin ziotela.
Gainera, nabarmendu zuten biktimak kolpe eta tortura ugari jasan zituela, Lucenin etxebizitza gisa erabiltzen zuten industria-nabe batean. Azkenean, Pedrola herriko eremu huts batera eraman zuten akusatuek, eta bizirik lurperatu zuten.
Getxotik atera eta hogei egunera aurkitu zuen Guardia Zibilak gorpua eta, tartean, bikoteak 1.800 euro atera zituen biktimaren txarteletik zenbait kutxazainetan, eta haren kotxea saldu zuen.