Gizartea -

EPAIKETA

Gaur hasiko da Kote Cabezudo argazkilariaren aurkako epaiketa nagusia

Ez da Cabezudoren aurkako lehen auzia, baina, bai pieza nagusia. Sexu gehiegikeriak eta bortxaketak egin ote zituen argitu beharko du argazkilariak. Salatzaileak 21 badira ere, horietatik 16 emakumeren kasua iritsiko da epaitegietara, gainerakoena preskribatuta dagoelako.

Kote Cabezudo argazkilariaren aurkako protesta. Artxiboko irudia: EFE
Kote Cabezudo argazkilariaren aurkako protesta. Artxiboko irudia: EFE
Astelehen honetan abiatuko da Kote Cabezudoren aurkako epaiketa Donostian

1:45

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur hasiko da Donostian Kote Cabezudo kasuaren auzi nagusiari buruzko epaiketa, eta hilabete geroago amaituko da, apirilaren 7an, 20 saio egin ondoren. Saio horietan dozenaka biktima, lekuko eta perituk hartuko dute parte, eta sexu gehiegikeriak eta bortxaketak egin ote zituen argitu beharko du argazkilariak.

Ia 8 urte iraun dituen ikerketaren ondoren, fiskalak delitu zantzuak ikusi ditu eta 32 lege-hauste leporatzen dizkio Cabezudori, tartean haur pornografiarena. Hala, 121 urteko kartzela zigorra eskatuko du fiskalak, 16 emakumeren aurka egindako delituengatik. Akusazio partikularraren eskaria, berriz, askoz handiagoa da. Zigor eskaria 2.400 espetxe-urtetara handitzen du, ia 200 delitu leporatzen baitizkio: bortxaketak, iruzurra eta adin txikikoen aurkako delituak tartean.

Cabezudok modaren arloko argazkiak egin zituen hainbat hamarralditan. First Models agentziarentzat lan egiten zuen, besteak beste, eta sona eta onespena zituen Donostia inguruan, baina azken urteotan hainbat salaketa jarri dituzte haren kontra sexu abusuengatik, eta orain salaketa horiei aurre egin beharko die.

Salatzaileak 21 badira ere, horietatik 16 emakumeren kasua iritsiko da epaitegietara, gainerakoena preskribatuta dagoelako.

Auziaren nondik norakoak

- 90 eta 2000. hamarkadatan izandako egintzak epaituko dira.

- 2013. urtean iritsi zen lehen salaketa, orduan iritsi baitzen aurreneko emakumea Mario Diaz abokatuaren bulegora gertatu zitzaiona kontatzera. Hasiera batean bederatzi baziren ere, salatzaile gehiago batu dira kasura eta delituen zerrenda ere luzatu egin da.

- 2018ko martxoaren 8an egin zuen eztanda kasuak. Diez akusazio partikularra daraman abokatuak sare sozialen bitartez kasuaren instrukzioan justifikatu gabeko atzerapenak eta irregulartasunak zeudela salatu zuenean. Orduan 8 emakumeren ordezkari legala zen eta ikerketa zeraman epailearen aurka kereila aurkeztu zuen Diezek.

- Denbora gutxiren buruan epaile aldaketa iritsi zen eta kasuari nolabaiteko bultzada eman zitzaion. Froga gehiago eskatu ziren eta instrukzio epaile berriak Kote Cabezudoren espetxeratzea agindu zuen 2018ko maiatzean.

ETB Kote Cabezudoren biktimen abokatuarekin izan da
ETB Kote Cabezudoren biktimen abokatuarekin izan da
ETB Kote Cabezudoren biktimen abokatuarekin izan da

2:6

Ez da lehen aldia akusatuen aulkian eseriko dena; izan ere, Cabezudok jada dozena erdi epaiketa izan ditu eta 5 kasutan izan da zigortua: desobedientziagatik, epaiketan agiri faltsuak aurkezteagatik eta ez duelako epaileak agindutakoa bete: salatzaileen irudi pornografikoak ez zituelako webguneetatik erretiratu.

Behin behineko espetxealdia amaitzear du, baina gaur berriz ere akusatuen aulkien eseriko da eta ikusteko dago epaia. Dena dela, beste hainbat kasutan ere epai zai dago eta bi auzi epaitu gabe ditu oraindik; ekainean eta urrian egingo dira auzi-saioak. Beraz, epaiketa nagusia amaitu ondoren ere, auzibideekin jarraituko du Kote Cabezudok.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako azken albisteak EAE Epaiketak Gizartea bideoak Gaurko titularrak Eguneko albisteak Matxismoa gaur Sexu erasoak gaur