Gizartea -

Hezkuntza Legea

Pello Otxandiano: "Herri akordio bat osatzen saiatu behar gara, euskal hezkuntzaren oinarriak ezartzeko"

EH Bilduk 46 zuzenketa aurkeztu dizkio Hezkuntza Legearen zirriborroari. Koalizio abertzalearen ustez, beharrezkoa da legearen garapen programatikoa, segregazioaren aurkako ituna eta eskola planifikazioarekin lotutako konpromiso zehatz bat.

Pello Otxandiano, EH Bilduko Programa zuzendaria
Pello Otxandiano, EH Bilduko Programa zuzendaria
Pello Otxandiano, EH Bilduko Programa zuzendaria

LUZIA ZUGADI LASA | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduko Programa zuzendari Pello Otxandianok agerraldia egin du astelehen honetan, Hezkuntza Legearen zirriborroaren nondik norakoak ardatz hartuta. Izan ere, Legebiltzarreko taldeek martxoaren 18ra arte izango dute horren inguruan negoziatzeko epea.

Gaur bertan, zirriborro horri aurkeztuko dizkioten zuzenketen berri eman dute Legebiltzarreko taldeek. EH Bilduk 46 emendakin aurkeztuko ditu, guztira, "testua aberasteko, hobetzeko eta zehazteko asmoarekin". Zuzenketek, baina, badute beste helburu bat ere, Otxandianoren esanetan: "Hezkuntza hitzarmenak gutxienez hiru puntu hauek bete behar ditu: legearen garapen programatikoa, segregazioaren aurkako ituna eta eskola planifikazioarekin lotutako konpromiso zehatz bat.

"Atzera begiratuz gero, hezkuntza sistemaren ponentzia martxan jarriz abiatu genuen ikasturtea. Horrek aurrekaria ekarriko du Legebiltzarrean aurrera begirako lege eta egitasmoei dagokienez, gisa horretako eztabaida prozesu bat egiten den lehenengo aldia baita", esan du.

Horrekin lotuta, EH Bilduko Programa zuzendariak azpimarratu du akordio garrantzitsu bat egiteko bidean daudela. "EH Bilduk negoziaketarako talde bat izendatu du. Maddalen Iriarte, Ikoitz Arresek eta nik neuk osatuko dugu. Jaiotze tasak behera egin du, segregazioa handitu egin da eta euskalduntzean atzerakada gertatu da. Horrek esan nahi du kolapso baten atarian egon gintezkeela. Neurri sendoak hartu behar ditugu, egiturazko aldaketa behar da, iraultza pedagogikoa. Ez da aukera gauden honetan geratzea. Herri akordio bat osatzen saiatu behar gara, euskal hezkuntzaren oinarriak finkatzeko. Ezin dugu aukera hori atzean utzi", adierazi du.

Gauzak horrela, erantzukizunez jokatzeko deia egin die gainerako alderdiei (EAJ, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos). "Gure artean eztabaidatu, adostu eta testua osatu behar dugu. Guk, gure aldetik, gure esku dagoen guztia egingo dugu akordio hori posible izan dadin", azpimarratu du.

Esan bezala, Legebiltzarreko taldeek hilaren 18ra arte izango dute hezkuntza legearen nondik norakoak negoziatzeko. Zirriborroari aurkeztutako zuzenketak orduan bozkatuko dituzte taldeek, eta bertatik aterako da irizpena. Behin betiko testua martxoaren 28an da onartzekoa Batzordean, eta apirilaren 7an, osoko bilkuran. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Hezkuntza Lege Berria albisteak Eusko Legebiltzarra argazkiak Gizartea bideoak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Hezkuntza Pello Otxandiano albisteak EH Bildu