Gizartea -

EPAIKETA

'Sinesgarritasun osoa' eman die fiskalak Kote Cabezudoren auzian deklaratu duten hiru emakumeen testigantzei

Emakumeek ateak itxita egin dute gaurko saioa. Jorge Bermudez fiskalak azaldu duenez, gaurko testigantzek aurreko deklarazioetan biktimek kontatutakoarekin "koherentzia osoa" dute.

Kote Cabezudoren aurkako epaiketa. Irudia: EFE
Kote Cabezudoren aurkako epaiketa
Kote Cabezudoren aurkako epaiketa. Irudia: EFE

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hiru emakumeren lekukotza entzun da gaur Gipuzkoako Lurralde Auzitegian Kote Cabezudo argazkilari donostiarraren aurkako epaiketan. Hirugarren saio honetan emakume guztiek esandakoarekin bat datorrela azaldu du Jorge Bermudez fiskalak, epaiketa amaitu ostean komunikabideen aurrean egin dituen adierazpenetan. Salatutako guztiari "sinesgarritasun osoa" ematen diola eta aurreko deklarazioetan biktimek kontatutakoarekin "koherentzia osoa" dutela erantsi du.

Gaurko epaiketan emakume guztiek ateak itxita eman dituzte testigantzak, kazetaririk gabe eta musukorik gabe, magistratuek euren aurpegia eta sentimenduak ikus eta senti zitzaten. Astelehenean ekingo zaio berriz ere saioari, eta ordutik aurrera litekeena da biktimen testigantzak zuzenean entzuteko aukera izatea. 

Cabezudok ukatu egin zituen asteartean bere aurkako salaketa guztiak, eta adin gabeekin inoiz sexu-harremanik ez zuela izan, eta ez zuela inoiz modeloez abusatu esan adierazi duela bere deklarazioan. Era berean, deklarazioan frogatu nahi izan du emakume guztiek sinatu zituztela kontratuak adinez nagusi zirenean, eta bazekitela nola eta zertarako erabiliko ziren irudi horiek. Hori ezeztatzea izango dute helburu bai akusazioak baita Fiskaltzak ere ondorengo asteetan.

Gogoratu, sexu-izaerako hainbat delitu leporatzen dizkiotela Cabezudori, bortxaketa, adin txikikoak galbideratzea eta intimitatearen aurkako delituak tartean. Hala, 121 urteko kartzela zigorra eskatzen du Fiskaltzak akusatuarentzat. Akusazio partikularraren eskaria, berriz, askoz handiagoa da, 2.400 espetxe-urte eskatzen baititu, ia 200 delitu leporatzen baitizkio.

Hasiera batean, pentsa aretora sartzeko aukera izan dute komunikabideek, baina azkenik han egotea debekatu diete, epailearen ustez ezin zutelako bermatu irudi eta soinu banagailuak soinua soilik zabalduko zuenik.

Horregatik, "itxaropena dut astelehenerako egoera konponduta egotea", esan du. Orduan berrekingo diote epaiketari, 09:30 inguruan. Ustezko biktimen lekukotza berriak entzungo dira egun horretan Gipuzkoako Lurralde Auzitegian.

Kazetarien aurrean, fiskalak argi utzi du ustezko biktimen lekukotzak ez datozela bat auzipetuak egindako adierazpenekin, eta auzitegiari dagokiola orain sinesgarritasun gehien zeinek duen ebaztea. "Horretarako, frogak eta irudien metadatoak beharko dituzte esku artean", gaineratu du.

Halaber, gaineratu du biktima bakoitzaren deklarazioa bukatutakoan etena eskatu duela, "laburki bada ere, emakume horiekin hitz egin ahal izateko". "Izan ere, fiskalak, funtzionario publikoa den heinean, neutraltasuna gorde behar du, eta aseptikoa izan behar da biktimekin, alde baten edo bestearen alde agertu gabe", esan du.

Ildo horretan, gogora ekarri du gaurkoan hitza hartu duten emakumeek "beren duintasunaren aurkako erasoa" salatu dutela, eta, hortaz, "tentuz" ibili beharra zuela galderak egiteko orduan.

Bestalde, akusazio partikularraren abokatu Mario Diezek kazetarien aurrean argitu du "bederatzi urte daramatzatela gauza bera leporatzen, eta horretarako argazkietan eta bideoetan oinarritzen direla". "Froga grafikoen babesa daukate", adierazi du.

Diezen aburuz, auzitegiari argi eta garbi geratu zaio Cabezudoren estudioan zer gertatzen zen. "Hiru toki ezberdinetik iritsitako hiru emakume dira, horietako bi Donostiatik kanpo bizi dira, ez dute elkar ezagutzen, baina guztiek dute kontakizun bera, xehetasun berdinak eta erantzun berdinak aurretik ezagutzen ez zituzten galderei erantzuterakoan. Ez dago inolako zalantzarik haien adierazpenen aurrean", bukatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Gipuzkoa Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Sexu erasoak