Gizartea -

ABUSUAK ELIZAN

Espainiako Elizak 506 sexu-abusu salaketa jaso ditu bi urtetan

Elizan izandako sexu-abusuak ikertzeko atzo Kongresuan adituen batzordea onartu eta gero, gaur, Gotzainen Biltzarrak kolaboratzeko prest daudela, baina ez daudela batzorde horretan parte hartzeko prest.

Calahorrako apezpiku berria eta Espainiako nuntzio apostolikoa. Argazkia: EFE.
Calahorrako apezpiku berria eta Espainiako nuntzio apostolikoa. Argazkia: EFE.
Calahorrako apezpiku berria eta Espainiako nuntzio apostolikoa. Argazkia: EFE.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Elizak 506 salaketa jaso ditu sexu-abusuen inguruan, adingabeen aurkako abusuak prebenitzeko eta salaketak jasotzeko bulegoak abian jarri eta lehenengo bi urteetan.

Hala adierazi du Luis Arguello Espainiako Gotzainen Biltzarreko idazkari nagusi eta bozeramaileak ostiral honetan, Espainiako gotzainen Batzorde Iraunkorraren osteko prentsaurrekoan.

Bestalde, Elizan izandako sexu-abusuak ikertzeko atzo Kongresuan adituen batzordea onartu eta gero, gaur, Gotzainen Biltzarrak kolaboratzeko prest daudela, baina ez daudela batzorde horretan parte hartzeko prest.

Horretaz aparte, Elizari soilik ez begiratzeko eskatu dute; abusuak gizarte-esparru gehiagotan ere gertatu direla salatuta.

Zehazki, Arguellok esan du 506 kasuetatik 103 dagoeneko hil direla, baina adierazi du kasuak ikertzen jarraitzen dutela, ustezko erasotzailea hilda egon arren edo kasua preskribatuta egon arren.

Hain zuzen ere, gotzainen bozeramaileak azaldu duenez, salaketa gehienak, 300 guztira, duela 30 urte baino gehiago gertatutako gaien ondorio dira.

Salaketa horiek guztiak 202 bulego irekien bidez jaso dituzte, 60 elizbarrutietan eta gainerakoak kongregazio erlijiosoetan.

"Pertsona mespretxagarriak baztertu nahi ditugu, eta ziurtatu ez dagoela arkumez mozorrotzen den otsorik, Eliza haurrentzat leku ez-segurua dela esan ez dadin", azpimarratu du Arguellok.

Ildo horretan, "gizartearen eta Elizaren gehiegikerien gaitzari aurre egiteko eta horiekin amaitzeko aukera ematen duten ekimen guztiek Elizaren babesa izango dutela" esan du. Gainera, Elizak biktimei errekonozimendua eta erreparazioa eskaini eta eskainiko diela gaineratu du.

Kongresuan onartutako batzordea

Elizako abusuak ikertzeko Diputatuen Kongresuak ostegun honetan onartutako batzordeari dagokionez, idazkari nagusiak esan du Elizak "laguntza leiala" eskaintzen duela, baina, oraingoz, ez duela bertan parte hartuko.

"Lankidetzarako prest gaude, esaten zaigun neurrian, baina ez gara batzordeko kide izango", esan du Arguellok.

Nolanahi ere, gaineratu du gotzainek gustukoago dutela PSOEk eta EAJk Herriaren Defendatzaileak gidatutako batzorde baten proposamena, Unidas Podemosek, Esquerra Republicanak (ERC) eta EH Bilduk planteatutakoa baino, batzorde parlamentario bat proposatzen baitzuten.

"Biktimekiko errespetu handiagoa du PSOEren eta EAJren proposamena", esan du gotzainen bozeramaileak, eta gaineratu du Kongresuko batzorde batek "larritasun bereziko gai baten erabilera alderdikoia" ekarriko lukeela.

Espainiako gotzainak ekimenaren nondik norakoak ezagutzeko zain daude, planteamenduak "Defendatzailearen legeak aurreikusten duena gaindituko" duela uste baitute, "Eliza ez baita botere publikoa".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Sexu abusuak Eliza Katolikoan