Gizartea -
Nafarroa
Mendizale baten bila ari dira Hiru Erregeen Mahaian
40 urteko mendizale gasteiztarra astearte goizean abiatu zen Linzako aterpetik, eta ordutik ez dute haren berri. Hiru Erregeen Mahaiaren magal batean bi makila topatu dituzte.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Larrialdietako zerbitzuak 40 urteko mendizale gasteiztar baten bila ari dira Hiru Erregeen Mahaian astearteaz geroztik.
Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, Linzako (Huesca) aterpetxera joan zen astelehenean, eta astearte goizean, 08:30 inguruan, abiatu zen Hiru Erregeen Mahaiko tontorrera igotzeko asmoz.
20:00etan haren ibilgailua aparkalekuan zegoela ikusita, aterpetxeko arduradunek Guardia Zibila ohartarazi zuten, eta berehala hasi ziren mendizalearen bila.
Asteazken goizean, suhiltzaileen erreskate taldeak batu dira bilaketa-lanetara, eta helikoptero baten laguntza izan dute. Airetik, mendizaleak zeramatzan elur-erraketen arrastoak aurkitu dituzte, Ukerdi mendiaren iparraldeko magalean, beheranzko noranzkoan.
Gainera, Guardia Zibilaren erreskate taldeko kideek makila batzuk topatu dituzte Hiru Erregeen Mahaiaren hegal batean, eta desagertutako mendizalearenak direla uste dute.