Gizartea -

Arraza bereizkeria

Artolazabal: "Bereizkeriari aurre egitea da ijito herriarekiko estrategia berriaren erronketako bat"

Berdintasun sailburuak gogorarazi du diskriminazioaren aurkako borroka ez dela soilik ijitoen kontua, guztioi baiagokigu arazo horri errotik aurre egitea.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek astelehen honetan nabarmendu duenez, 2022-2026rako Ijito Herriarekiko EAEko Estrategia berriaren bidez, "gizon eta emakume ijitoek ijito izateagatik jasaten duten diskriminazio historikoa" gainditu nahi dute.

Ijitoen aurkako jarrera, gainera, estrategia berri honen ardatz nagusietako bat da. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak Ijitoen aurkako jarreraren kontrako Itun Soziala sustatuko du. "Azken batean, helburua da ijitoen gizarte-ongizatea eta parte-hartzea gainerako herritarren egoerarekin parekatzea".

Gaur, martxoaren 21ean, Arrazagatiko Bazterketa Ezabatzeko Nazioarteko Egunean, jakinarazi du sailburuak testu berri hori onartu dela. "Estrategia horrek beste urrats bat gehiago dakar EAEn gizarte bidezkoagoa eta inklusiboagoa eraikitzeko, alegia, diskriminaziorik onartzen ez duen gizarte baterako", esan du Artolazabalek; izan ere, "ijitoen aurkako jarrera ez da ijitoen kontua soilik, kontu sozial bat da, eta guztion ardura da".

Sailburuak "estrategia berriak dakarren" ikuspegi feminista ere nabarmendu du. "Eremu horretan ere ezarri nahi ditugun aurrerapenak ez lirateke posible izango emakumeak aintzat hartu gabe, kasu honetan, bereziki, emakume ijitoak aintzat hartu gabe". Hori horrela, dokumentuak, emakume ijitoen inplikazioari eta sustapenari esker, atal berezi bat du, eta matxismoaren aurkako borrokan eragin zuzena duten ekintzak eta emakume eta gizonen arteko benetako berdintasunerako aurrerapenak jasotzen dira bertan; horrez gainera, genero-ikuspegia zeharka jasotzen da atal guzti-guztietan.

Testu berriak ijitoen aurkako jarrerarekin amaitzeko ekintza batzuk jasotzen ditu, eta, horren bidez, 2018-2020rako Ijito Herriarekiko EAEko Estrategiari eman nahi zaio jarraipena, azken estrategia hori 2021era arte luzatu ondoren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Arrazismoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak