Gizartea -

Osasuna

Sagarduiren ahotan, pandemiaren ondorioz minbizia duten pazienteen bizi-itxaropena "okertzea posible" da

Covid-19aren pandemiak minbizi mota ezberdinen baheketa programetan eragin dituen "interferentzia handiengatik" kezka azaldu du EH Bilduk.

Onkologikoa. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Onkologikoa. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Onkologikoa. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19 pandemiaren eraginez datozen urteetan minbizia duten pazienteen bizi-itxaropena "nolabait okertzea posible" dela adierazi du Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, baina oraindik ere baieztatzeke dagoela azpimarratu du.

Sagarduik Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean agerraldia egin du, EH Bilduk eskatuta, Euskadiko Plan Onkologikoaren (2018-2023) inguruan hitz egiteko.

Covid-19aren pandemiak minbizi mota ezberdinen baheketa programetan eragin dituen "interferentzia handiengatik" kezka azaldu du Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak, eta arlo horretan galdutako denbora berreskuratzeko neurriak eskatu ditu.

Gainera, itxarote-zerrenden egoera alde batera utzita, paziente onkologikoak tratatzeko orduan Osakidetzak egiten duen "hanka-sartzerik handiena", gaixoei ematen zaien arretaren "humanizazioa" da, erantsi du Uberak.

Plan onkologikoaren egoera aztertzeaz gain, Sagarduik egitasmoa egin ondoren "bat-batean" jazo ziren beste bi egoera gogora ekarri ditu: koronabirus pandemia eta Amancio Ortega Fundazioak Osakidetzari dohaintzan emaniko protonterapia ekipoa.

Pandemiari dagokionez, "mundu mailan, datozen urteetan pandemiak" minbizia duten pazienteen bizi-itxaropena "nolabait okertzea posible da", onartu du sailburuak.

Hala ere, baieztatzeke edo egiaztatzeke dagoela nabarmendu du. Horrela, 2020an eta 2021ean, kolektiboaren hilkortasun tasan "beherakada esanguratsua" eman zela jakinarazi du Sagarduik.

La consejera de Salud. Gotzone Sagardui, en la Comisión del Parlamento Vasco. Foto: EFE

Covid-19 pandemia hasi zenetik, Osakidetzan tumore batzorde "guztien" jarduera mantendu dela azpimarratu du sailburuak.

Gainera, jarduera kirurgikoaren esparruan, larrialdiei lehentasuna eman diete, baina "posible izan den neurrian" kirurgia onkologikoa mantendu dutela nabarmendu du, pandemiaren unerik okerrenetan ZIUen okupazio maila handiari egokituz.

Erradioterapia zerbitzuen "erabateko berrantolaketa" egin behar izan dutela onartu du sailburuak, covid-19aren aurrean paziente onkologikoen babesa bermatzeko.

Protonterapia zerbitzua

Bestalde, Osakidetzaren protonterapia proiektua hizpide izan du Sagarduik. Zentzu horretan, Amancio Ortea Fundazioak dohaintzan emandako ekipoari esker protonterapia zerbitzua "espero baino lehen" eskaintzea posible izango dela nabarmendu du sailburuak.

Horregatik, nahiz eta Osakidetzak "limosnarik" behar ez duela argi utzi, laguntza "albiste ona" dela onartu du Sagarduik.

Sailburuak azaldu duenez, protonterapiak tumore batzuk "zehaztasun handiz" tratatzeko aukera ematen du. Tratamendu onkologikoen etorkizuna "terapia mota horien" esku egongo dela gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Minbizia Gizartea EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa