Gizartea -

Hezkuntza

Bilboko Ibarrekolanda institutuak Batxilergo Artistikoa eskaintzen jarraituko du datorren ikasturtean

Ondorioz, Txurdinagako Institutura lekualdatzeko erabakia atzeratu dute. Bitartean, Hezkuntza Sailak zentroko zuzendaritzarekin biltzen jarraituko du, Radio Euskadik jakin ahal izan duenez.

Ibarrekolandako ikasleen eta irakasleen protesta. Irudia: IES Ibarrekolanda.
Ibarrekolandako ikasleen eta irakasleen protesta. Irudia: IES Ibarrekolanda.
Ibarrekolandako ikasleen eta irakasleen protesta. Irudia: IES Ibarrekolanda.

EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Radio Euskadik jakin ahal izan duenez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Bilboko IES Ibarrekolanda zentroko zuzendaritzari gaur jakinarazi dio datorren ikasturtean Batxilergo Artistikoa eskainiko duela. Ondorioz, Txurdinagako Institutura lekualdatzeko erabakia atzeratu dute. Bitartean, Hezkuntza Sailak zentroko zuzendaritzarekin biltzen jarraituko du, Radio Euskadik jakin ahal izan duenez.

Iragan astean, matrikulazioak hasteko egun gutxira, batxilergo mota hori kendu behar ziotela jakitera eman zioten zentroari.

Orduz geroztik, jarrera aldatzea eskatu diote ikasleek eta irakasleek Hezkuntza Sailari, sare sozialetan sinadura bilketa bat eginez zein mobilizazioen bidez.

Esan bezala, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren erabakiaren aurka sinadura bilketa martxan zuen institutuak, eta dagoeneko 10.300 baino gehiago bildu dituzte. Era berean, igandera arte mobilizazio egutegia zuten prest, erabakian atzera egitea eskatzeko.

Asteazken honetako protesta institututik abiatu da, hiriburuan barna ibilbidea egin eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza aurrean bukatzeko, Kale Nagusian. Dozenaka ikaslek eta irakaslek hartu dute parte, "Erreferente artistikoa arriskuan, Ibarreko SOS" lelopean.

Mobilizazioaren deitzaileek azaldu dutenez, martxoaren 18an, "inklusiboagoa eta demokratikoagoa izatea agindu duen hezkuntza itun baten atarian", Jaurlaritzak "Batxilergo Artistikoa Ibarrekolandatik Txurdinaga Behekoara lekualdatzeko" asmoa zuela enteratu ziren.

Martxoaren 28an aurre matrikulazio epea hasten dela eta egunotan ateak irekita jardunaldiak dituztela gogorarazi ondoren, IES Ibarrekolandako ikasleek eta irakasleek salatu dute: "hiru egun eskasetan, zentroaren hezkuntza eskaintza nagusia deuseztatu digute".

Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza zentroan agertu zen martxoaren 21ean. "Txurdinagan leku gehiago dagoela argudiatu zuen, gure zentroak ekipamendu hobea duela eta datorren ikasturtean gelak libratuko direla kontuan hartu barik, ezta Juan Crisostomo de Arriaga Kontserbatorioaren eta Dantzerkiren gertutasuna ere", gaineratu dutenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Bizkaia Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Txurdinaga Deustuko auzoa