Gizartea -

Zientzia

GIB birusa hedatzen duen molekula, identifikatuta

Kataluniako zientzialari talde batek atzeman du. Hiesa guztiz sendatzeko txertoa, hurbilago.

Pertsona bat, hiesaren proba egiten. Argazkia: EITB
Pertsona bat, hiesaren proba egiten. Argazkia: EITB
GIB birusa hedatzen duen molekula identifikatu dute

01:14

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kataluniako zientzialari talde batek giza immunoeskasiaren birusa (GIB) organismoan hedatzen duen molekula atzeman du. Aurkikuntza giltzarria izango da tratamendu berriak eta hiesa guztiz desagerrarazteko txertoa sortzeko.

Ikertzaile kataluniarrak IrsiCaixa institutukoak dira eta 'Plos Biology' nazioarteko aldizkarian publikatu dituzte ikerketaren emaitzak.

Zientzialariek egiaztatu dutenez, GIB birusak gangliosido izeneko molekula batzuk erabiltzen ditu zelula denditrikoetan sartzeko.

Oro har, zelula mota horiek organismoan sartzen diren birusak atzeman eta zatitu egiten dituzte, ondoren gongoiletara bidaltzeko. Gongoilak immunitate-sistemako kontrol zentroak dira, eta bertan birusak eta infekzioak akabatzeko substantziak sortzen dira.

Troiako Zaldi baten antzera, GIB birusa ezkutatu egiten da zelula dendritikoetan, eta zelula horiek gongoiletara iristen direnean, suntsitu egiten du immunitate-sistema, T CD4 linfozitoei erasoz.

"Aurkikuntza honekin, zehaztu egin dugu GIB birusaren eta zelula dendritikoen arteko elkarrekintza molekularra", azaldu du ikerketaren koordinatzaileak, Javier Martinez-Picado IrsiCaixako eta Kataluniako Ikerketa Erakundeko (ICREA) ikertzaileak.

Halaber, zientzialariok erakutsi egin dute GIBen gangliosidoak akabatuz galarazi egiten dela zelula dedritikoek barneratzea.

Hori horrela, ikerlariek sendagaiak sortu ahal izango dituzte birusaren eta zelula dendritikoen arteko elkarrekintza blokeatzeko. Egungo tratamenduen osagarri izango lirateke.

Bonaventura Clotet IrsiCaixako zuzendariak azaldu duenez, sendagai berriak eraginkorragoak eta egonkorragoak izango dira, eta sendoagoak birusaren mutazioen aurrean.

TXERTOA, 10 URTE BARRU

Aurkikuntza aurrerapausoa da gaixotasuna desagerrarazteko txertoa sortzeko. Izan ere, egun antirretrobiralekin egindako tratamenduek infekzioa geldiarazten dute, baina ez dute guztiz akabatzen, birusak biziraun egiten baitu gongoiletan.

Ikerketa honek argitu egin du nondik sar daitezkeen immunogenoak eta txertoaren mikrobio 'desaktibatuak'. Mikrobio horiek immunitate-sisteman sartu, erresistentzia garatu, eta ondoren birusa suntsitzea dute helburu.

Clotetek adierazi du ikerlariak "itxaropentsu" daudela, eta lehen immugenoak "hiru urteren buruan" sortzea espero dutela. Zientzialariaren esanetan, hiru hilabete daramatzate dagoeneko arratoiekin probak egiten.

Nolanahi ere, sendagaiak eta txertoa merkaturatzeko "gutxienez hamarkada bat" pasatu beharko da, adituen aburuz.

HIESA, ZENBAKITAN

Mundu osoan 34 milioi pertsona daude hiesaz kutsatuta. Gaixotasuna oso hedatua dago, eta herrialde txiroetan hilgarria da oraindik, tratamendu faltaren ondorioz.

Espainian, hiesa ez da hilgarria aspalditik, eta gaixotasun kroniko bihurtu da. Kutsatuen bizi-itxaropena kutsatu gabekoen tankerakoa da, baina kutsatzeak % 17 hazi dira azken hamarkadan. Gainera, kutsatuen % 25ek ez dakite birusa daukatela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea