Gizartea -

Epaia

Sei urteko espetxe zigorra ezarri diote Anesvadeko presidente ohiari

Jose Luis Gamarrak 3.263.189 euroko kalte-ordaina ordaintzea espero duela esan du Anesvadek. GKEko funtsez jabetzeagatik zigortu dute Gamarra. Beste bi akusatuak ere kondenatu dituzte.

Jose Luis Gamarra Anesvadeko presidente ohia. EFE
Jose Luis Gamarra Anesvadeko presidente ohia. EFE
Anesvad auzia: Sei urteko espetxe zigorra ezarri diote Gamarrari

00:59

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Lurralde Auzitegiak sei urteko espetxe zigorra ezarri dio Jose Luis Gamarra Anesvadeko presidente ohiari, gobernuz kanpoko erakunde horretako funtsez jabetzeagatik. Halaber, GKEari 3.263.189 euroko kalte-ordainak ematea eta isun bat (50 euro egunean, 12 hilabetez) ordaintzera ere behartu du.

Anesvadek "positibotzat" jo du epaia eta ebazpena betetzea espero duela esan du.

Beste bi akusatuei (Francisco Martinez Fernandez Anesvadeko finantza zuzendari ohia eta Jose Miguel Sustacha Olabe zuzendari orokor ohia) 21 hilabeteko kartzela zigorra ezarri diete.

Epaiak frogatutzat jo du Gamarra 7,5 milioi euroz jabetu zela 1996tik 2006ra, eta GKEren kontularitzan ez zeuden hainbat kontu-korrontetara bideratu zituela.

Diru horrekin, interesik gabeko maileguak eman zizkien Anesvadeko langileei, auto bat erosi zion ilobari, bere etxebizitza eta beste hainbat gastu pertsonal ordaindu zituen eta inbertsioak egin zituen.

Anesvadek bazkideen eta kolaboratzaileen ekarpenekin eta dohaintzekin lortzen zuen finantziazioa, eta besteak beste, Filipinetan eta Txinan abiatu zituen operazio humanitarioak.

Epaileek bi larrigarri eta aringarri bat ezarri dizkiote Gamarrari. Larrigarriak, delitua jarraitua izan zela eta "erabilera soziala zuten ondasunekin" egin izana; eta aringarria, jabetutako diruaren zati bat itzuli izana.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea