Gizartea -

koronabirusa

Aro berri bat abiatu da Euskadin, koronabirusaren kontrolean

Eusko Jaurlaritzak astelehen honetan berrituko ditu covid-19a kontrolatzeko irizpideak. Aurrerantzean, asintomatikoek eta koronabirus kasu arinek ez dute koarentenarik egin beharko. Adituek askotariko iritziak igorri dituzte pandemiaren jarraipen berri honen inguruan.

Jendea Bilbon, musukoarekin. Artxiboko argazkia: EFE
Jendea Bilbon, musukoarekin. Artxiboko argazkia: EFE
Jendea Bilbon, musukoarekin. Artxiboko argazkia: EFE

itxaso leon kareaga | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak astelehen honetan berrituko ditu covid-19a kontrolatzeko irizpideak, pandemiaren jarraipena talde zaurgarrietako pertsonengan zentratuko delarik. Hala, aurrerantzean kasu arinak eta asintomatikoak ez dituzte bakartuko, eta harreman estuek ez dute koarentenarik egingo.

Covid-19aren aurrean Zaintza eta Kontrol Estrategia berria jarraituko dute aurrerantzean, esparru zaurgarrietan, osasun zentroetan adibidez, "isolamendu eta kontrol neurri bereziak martxan jartzeko". Gainera, diagnostiko probak egiteko argibideak aldatuko dira; izan ere, orain arrisku faktoreak dituzten pertsona zaurgarriei (60 urtetik gorakoak, immunoeskasia dutenak eta haurdunak), esparru zaurgarrietan eta kasu larrietan egingo dituzte.

Felix Zubia Donostia Ospitaleko ZIUko buruak prozedura berria izan du hizpide igande honetan, Euskadi Irratian. Ontzat eman ditu irizpide berriak, eta "noizbait" hasi behar dutela uste du, betiere ondorengo egoera ondo neurtuta.

"Orain arte gaitza aurreikustea oso zaila izan da, eta orokorrean ez da asmatu", adierazi du Zubiak. Hori dela eta, uste du egokiena dela neurriak arintzea "eta gero zer gertatzen den ikustea". Horren aburuz, "egia da noiz edo noiz hasi beharra dagoela, baina neurtu beharko da, eta intzidentzia behatu".

Bestalde, zenbait adituk aste honetan ETB1eko "Gaur Egun" albistegian adierazi dutenez, "goizegi" da oraindik pandemia fase endemikoan sartu dela esateko. Itziar Ubillos epidemiologoaren eta Miren Basaras EHUko Mikrobiologia irakaslearen aburuz, "kasu positiboak ezkutatzeak ez du baimenduko birusaren irudi erreala ikustea".

Egun, adituek zaintza endemiko batera igarotzeko egoki jotzen duten intzidentzia metatua 10 aldiz gainditu dugu. Bitartean, arretaz jarraitzen ari dira Txinako omikron aldaera berria.

Pandemia fase endemikoan sartu dela esateko goizegi dela diote adituek
Pandemia fase endemikoan sartu dela esateko goizegi dela diote adituek
Pandemia fase endemikoan sartu dela esateko goizegi dela diote adituek

1:14

Eusko Jaurlaritzak zuhurtziaz jokatzeko eskatu du, covid-19a "ez baita oraindik amaitu", eta jakinarazi du martxoaren 28an euskadi.eus webguneko koronabirusari buruzko "Nola jokatzen dut?" atala berrituko duela, herritarrek egoera zehatzetan nola jokatu behar duten jakin dezaten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak gaur Koronabirusari lotutako azken orduko albisteak