Gizartea -
ELKARRIZKETA RADIO EUSKADIN
Javier Hurtado: "Turismo sektorearen pertzepzioa ona da eta Aste Santu ona izatea espero dugu"
Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuaren esanetan, turismo sektorearen aurreikuspenak onak dira udari begira ere. Garraiolarien grebari lotuta, lasaitasun mezua zabaldu du.
EITB MEDIA
Aste Santua gerturatzen ari den honetan, Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak turismoa izan du hizpide gaur goizean Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan. Haren esanetan, turismo sektorearen Aste Santurako aurreikuspenak onak dira, baina oraindik ez dago behin betiko daturik, "erreserbak azken egunera arte atzeratzeko joera dugulako".
Udara begira ere, datu positiboak espero ditu. Estatuko turistak itzuliko direla uste du, baina nazioarteko turismoak denbora beharko omen du pandemiaren aurreko datuetara itzultzeko.
Eusko Jaurlaritzak "Bizit Euskadi" turismo kanpaina aurkeztu berri du, Aste Santuan Euskadi bisitatu eta bizitzeko gonbita eginez. Sailburuaren hitzetan, "Euskadi saltzea oso erraza da, gastronomia da etortzeko motibazio nagusia".
Turismo sektorearen bi erronka nagusi aipatu ditu Hurtadok: bisitarien gaualdi kopurua handitzea eta opor garaietatik kanpo ere turistak erakartzea.
Garraiolarien grebari dagokionez, sailburuak lasaitasun eta erantzukizun mezua helarazi du. Horren iritziz, ez dago hornidura arazorik, produktu jakin batzuetan izan ezik. Gaur-gaurkoz egoera hobetzen ari dela baina greba denboran luzatuz gero hornikuntza arazoak egon daitezkeela onartu du.