Gizartea -

GARRAIO PUBLIKOA

Bilboko metroaren 1. lineako atzerapenak egun osoan luzatuko dira, horma bat erori ondoren

Astrabudua eta Erandio artean gertatu da erorketa eta tarte horretan trenbide bat soilik dago zabalik. Garbiketa lanetan ari dira zerbitzua lehengoratu ahal izateko.

Erori den horma zatia. Argazkia: Radio Euskadi
Erori den horma zatia
Erori den horma zatia. Argazkia: Radio Euskadi

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Goizeko lehen ordutik atzerapenak izaten ari dira Bilboko metroaren 1. linean, horma baten zati bat erori delako, eta atzerapenak egun osoan luzatuko dira, Metro Bilbaok sare sozialetan jakinarazi duenez. Astrabuduako eta Erandioko geltokien arteko zatian trenbide bat soilik dago zabalik. eta, ondorioz, ez dira betetzen ari ohiko maiztasunak.

Ezbeharra goizeko seiak aurretik gertatu da, baina oraindik ere arazoa ez da konpondu. Garbiketa lanetan ari dira zerbitzua ahalik eta azkarren lehengoratzeko.

Radio Euskadiri egindako adierazpenetan Sonia Palomino Metro Bilbaoko komunikazio zuzendariak azaldu duenez, horma egonkortzen ahalegindu dira, baina azkenean ez da posible izan eta jausi egin da. Dena den, "erorketa garbia" izan dela azpimarratu du.

"Ez dio metroaren azpiegiturari eragin, baina, badaezpada ere, horma trenbidetik gertu dagoenez, zuhurragoa iruditu zaigu bide bakarra ezartzea eta erori den hormatik hurbilen dagoen bide zatitik ez joatea", gaineratu du.

Jausitako zatiak bidetik erretiratzeko lanean ari dira, baina ez dute zehaztu noiz amaituko dituzten garbiketa lanak eta zerbitzua noiz lehengoratuko den.

Bilboko metroaren 1. linea Plentzian hasi eta Etxebarrin amaitzen da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo gaur Erandio Azken ordukoa Bizkaia Metro Bilbao Gizartea bideoak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa