Gizartea -

Garraio publikoa

Hurrengo astera arte ez dute Bilboko metroaren zerbitzua lehengoratuko

Astrabudua eta Erandio artean horma bat erori da, eta tarte horretan trenbide bat soilik dago zabalik. Ostiralean zehaztuko dute noiz ireki ahalko duten bigarren trenbidea.

Erori den horma zatia. Argazkia: Radio Euskadi
Erori den horma zatia
Erori den horma zatia. Argazkia: Radio Euskadi

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko metroaren 1. lineako zerbitzua ez da hurrengo aste hasierara arte lehengoratuko, astearte goizean Astrabudua eta Erandio artean horma bat erori ostean.

Bizkaiko hiriburuko metroak txosten teknikoaren emaitzak jaso ostean azaldu duenez, tarte horretan trenbide bat baino ez dago zabalik, eta datorren asteko lehenengo egunetara arte ezingo dute bigarrena berriro martxan jarri. Ostiralean zehaztuko dute bigarren trenbidea berriz irekiko duten eguna.

Ezbeharra goizeko 6:00ak aurretik gertatu da, eta atzerapenak izaten ari dira egun osoan zehar. Plentzia eta Etxebarri lotzen ditu 1. lineak.

Radio Euskadiri egindako adierazpenetan Sonia Palomino Metro Bilbaoko komunikazio zuzendariak azaldu duenez, horma egonkortzen ahalegindu dira, baina azkenean ez da posible izan eta jausi egin da. Dena den, "erorketa garbia" izan dela azpimarratu du.

"Ez dio metroaren azpiegiturari eragin, baina, badaezpada ere, horma trenbidetik gertu dagoenez, zuhurragoa iruditu zaigu bide bakarra ezartzea eta erori den hormatik hurbilen dagoen bide zatitik ez joatea", gaineratu du.

Jausitako zatiak bidetik erretiratzeko lanean ari dira, baina ez dute zehaztu noiz amaituko dituzten garbiketa lanak eta zerbitzua noiz lehengoratuko den.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo gaur Erandio Azken ordukoa Bizkaia Metro Bilbao Gizartea bideoak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa