Gizartea -

Gernikako bonbardaketa

Nork agindu zuen Gernika bonbardatzea?

Ludger Mees historialariak Gernikako bonbardaketaren testuingurua eta erantzun gabeko galderak azaldu ditu.

Gernika, bonbardaketaren ostean. EFE
Gernika, bonbardaketaren ostean. EFE
Gernika, bonbardaketaren ostean. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kondor Legioak Gernika suntsitu eta 75 urtera, oraindik galdera bat dago erantzun gabe: nork agindu zuen bonbardaketa?

Ludger Mees EHUko Historia Garaikide katedradunak azaldu duenez, "oro har badakigu zer gertatu zen [1937ko apirilaren 26 hartan], zergatik eta zer eragin izan zituen, baina oraindik zalantza handi bat dago, norena izan zen erasoaren azken erantzukizuna, nola banatu zen Alemaniako Armadaren eta frankisten artean".

Radio Euskadiko "Ganbara" saioan egindako elkarrizketan, Meesek esan du Kondor Legioak gerrako aire eraso guztiak zuzentzen zituela, "baina Errepublikaren aurka matxinatutakoekin estu kolaboratuta".

Adituaren hitzetan, historialariek ez dute topatu agindua idatziz, baina halere, argi dago frankistek parte hartu zutela: "Erantzukizuna partekatua izan zen, frankistek ondo zekiten noiz bonbardatuko zuten Gernika".

Meesek bonbardaketaren testuingurua ere zehaztu du: "Kondor Legioarekin Madrid indarrez hartzeko saiakerak porrot egin zuen, eta ondoren agintari frankistek estrategia aldatu zuten, iparraldeko fronteari lehentasuna emanda".

"Kondor Legioaren laguntzarekin, bonbardaketa masiboak hasi ziren, Durangon eta Otxandianon kasu, eta helburu militarrak eta gerra psikologikoa nahasi zituzten, zibilen artean izua zabaltzeko. Hori da Gernikako bonbardaketak Europan ekarri zuen berrikuntza nagusia".

Katedradunaren esanetan, garai hartan ere Gernika balio sinboliko handikoa zen: "Iparragirrek XIX. mendearen amaiera eta XX. mendearen hasiera artean sortutako ereserki ospetsuari esker, Gernika euskal askatasunen eta autogobernuaren ikurra zen. Bonbardaketaren ostean, eta Picassoren koadroak sortutako hunkipenari esker, bakearen eta bizikidetzaren ikur bihurtu zen. Mugaz gaindi, nazioartean ere bai".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea