Gizartea -

Tragedia Gipuzkoan

25 urteko emakume bat eta 17 hilabeteko semea hil dira Zaldibian etxe batean izandako gas ihesaren ondorioz

Hirugarren pertsona bat, umearen aita eta emakumearen bikotekidea, Zumarragako Ospitalera eraman behar izan dute karbono monoxidoa arnasteagatik. Larri dago, baina egonkor. Gertakaria Santa Fe kaleko 58. zenbakiko etxebizitza batean jazo da, 06:30 aldera.

Hainbat ertzain, gertakariaren lekuan. Argazkia: EITB Media
Hainbat ertzain, gertakariaren lekuan.
Zaldibian gas-isuri baten ondorioz hildako bi pertsonak 25 urteko ama bat eta 17 hilabeteko haurtxoa dira

0:44

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gas ihesa izan da goizean Zaldibiako (Gipuzkoa) etxebizitza batean, eta bi pertsona, 25 urteko ama eta 17 hilabeteko semea, hil dira, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Hirugarren pertsona bat, umearen aita eta emakumearen bikotekidea, Zumarragako Ospitalera eraman behar izan dute karbono monoxidoa arnasteagatik.

Larrialdi zerbitzuek 06:30 aldera izan dute gertakariaren berri. Gizonezko batek 112 larrialdietako telefono zenbakira deitu du bera ondoezik zegoela eta emaztea eta semea konortea galduta zeudela ikusita. Santa Fe kaleko 58. zenbakiko beheko solairuan izan da gertakaria. Gipuzkoako suhiltzaileak eta ertzainak bertaratu dira, iturrion arabera.

Larrialdi zerbitzuek ama-semeak topatu dituzte konorterik gabe etxebizitzako logela batean, Gipuzkoako Suhiltzaileen arabera.

Bertaratutako medikuak bi bizilagun horien heriotza baieztatu du. Gizona Zumarragako Ospitalera eraman dute.

Ezbeharrak samina eragin du 1.600 biztanle pasatxo dituen herri txikian. Zaldibiako Udalak hiru dolu egun ezarri ditu eta ikurrina haga erdian jarri du. Herritarrek loreak utzi dituzte haurreskolan, hara joaten baitzen hildako haurtxoa.

Galdararekin arazoak omen zituzten, alkatearen esanetan

Biktimak familia bereko kideak dira. Mutikoak 17 hilabete baino ez zituen. Sortzez argentiarra zen bikoteak bost urte zeramatzan Goierriko udalerrian bizitzen, Eztitxu Mujika Zaldibiako alkateak Euskadi Irratian esan duenez.

Alkatearen hitzetan, familiak arazoak omen zituen galdararekin. Mujikak bi heriotzak baieztatu ditu, eta gizona larri baina egonkor dagoela zehaztu du.

Eztitxu Mujika, Zaldibiako alkatea: ''Sukaldeko galdarak eragin du ezbeharra''
Eztitxu Mujika, Zaldibiako alkatea: ''Sukaldeko galdarak eragin du ezbeharra''
Eztitxu Mujika, Zaldibiako alkatea: ''Sukaldeko galdarak eragin du ezbeharra''

1:02

Ertzaintzak ikerketa zabaldu du gertatutakoa argitzeko.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Gaurko albisteak Gipuzkoa Gizartea albisteak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Suhiltzaileak albisteak Goierriko albisteak