Gizartea -
Trafikoa
14 urteko mutiko bat ikertzen ari dira Iruñeko kaleetatik drogatuta gidatzeagatik
Foruzaingoak ikerketapean jarri du adingabea bideko segurtasunaren kontrako delitua egin duelakoan. Nerabeak poliziaren patruila
Agentziak| EITB MEDIA
Foruzainek 14 urteko mutiko bat ikerketapean jarri berri dute Iruñeko kaleetatik drogatuta eta zilindrada handiko auto bat gidatzeagatik.
Herritarren Segurtasunerako patruila bat Donibane auzoko biribilgune batetik ari zen 245 zaldiko Audi A7 bat ikusi zuenean pasatzen uzteko seinaleari ezikusiarena egiten. Are gehiago, polizia autoaren kontra egin zuen ia (bat-batean frenatu behar izan zuten talka saihesteko).
Foruzaingoak ohar batean azaldu duenez, autoaren gidariari geldiarazteko agindua eman zioten agenteek. Egiaztatu zutenez, marihuana usaina zerion autoaren barrualdeari, eta gidaria oso gaztea ematen zuen. Agenteen galderei erantzunez, mutikoak esan zuen 18 urte eta gidabaimena bazituela. THC/kalamu proban positibo eman zuen gidariak.
Nortasun agiririk ez zuela eta emandako bertsioa sinesgarria ez zela eta, polizia etxera eraman zuten identifikatzeko. 14 urteko iruindar bat zela baieztatu zuten.
Hori horrela, ikerketapean jarri dute bideko segurtasunaren kontrako delitua egin duelakoan (gidabaimena barik gidatzeagatik, drogatuta egoteagatik eta pasatzen uzteko seinaleari kasurik ez egiteagatik).