Gizartea -

EPAIKETA

Fiskaltzak ia bikoiztu egin du Kote Cabezudoren aurkako zigor-eskaera

Jorge Bermudez fiskalak azaldu duenez, frogatutzat ema da gutxienez 8 bortxaketa egin zituela, leporatzen dizkioten gainerako delituez gain.

Kote Cabezudoren aurkako epaiketa
Kote Cabezudoren aurkako epaiketa
Kote Cabezudoren aurkako epaiketa

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jorge Bermudez Cabezudo auziko fiskalak aldatu egin du argazkilariaren aurkako zigor-eskaera, frogatutzat eman baita gutxienez 8 bortxaketa egin zituela, leporatzen dizkioten gainerako delituez gain. Hala, hasieran eskatutako 121 urte eta erdiko espetxe-zigorra "bikoiztu" egin dela azaldu du, 250 urtekoa eskatzeko.

Azken txanpan sartu da argazkilari donostiarraren aurkako epaiketa. Aldeak hasi dira ondorioak aurkezten, eta fiskalak aurreratu ditu bereak. Saioaren amaieran Jorge Bermudezek hedabideei adierazi dienez, sexu-abusu jarraituak izan zirela baieztatu da eta gutxienez zortzi bortxaketa-delitu egin zituela ere frogatutzat jo da. Hala, zigor handiagoa eskatzeko astungarriak erantsi dituela adierazi du fiskalak.

Sexu-eraso "bakoitzagatik 15 urteko espetxe-zigorra" eskatzen dela adierazi du, eta "sarketarik gabe larderia soilik egon den gehiegikeria kasuetan", hamar urtekoa. "Laburbilduz, kontuak azkar eta ez oso modu fidagarrian aterata, bikoiztu egin da zigorraren hasierako eskaera, eta 250 urtekoa izango litzateke", adierazi du.

Gaurko saioan ere salaketak jarri dituzten emakumeak artatu dituzten psikologoek deklaratu dute. Baieztatu dute modelo izandakoei antsietate, depresioa eta estres zantzuak ikusi zizkietela, eta, kasu gehienetan, zuzenean lotu dituzte emakumeek salatu zituzten gehiegikeriak eta ondoren izandako ondorio psikologikoak.

Astelehenean jarraituko du saioak, defensa eta akusazio partikularraren ondorio txostenekin. Epaiketa amaitu aurretik, Kote Cabezudo akusatuak hitz egiteko aukera izango du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Albisteak Gipuzkoa EAE albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Sexu erasoak gaur Epaiketak argazkiak