Gizartea -
BURUKO GAIXOTASUNAK
Haurren eta nerabeen arreta psikiatrikoa izango du ardatz Jaurlaritzaren osasun mentaleko estrategia berriak
Adin-tarte hori da, hain justu, pandemiak mundu osoan gehien kaltetutakoa. Osasun Sailaren estrategia berriak lehendik dauden programei eustea eta horiek indartzea izango ditu helburu, baita ekintza berriak abiaraztea edo prebentzioa indartzea ere.
eitb media
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak aurreratu duenez, haur eta gazteentzako arreta psikiatrikoa izango da Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila prestatzen ari den osasun mentaleko estrategia berriaren lehentasunetako bat; izan ere, hau da pandemiak mundu osoan gehien kaltetutako adin-tartea.
Hala iragarri du astelehen honetan Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak, Zabalburuko nerabeen osasun mentaleko ospitalera egindako bisitan. Sagarduiren hitzetan, azken hilabeteotan arlo horretan arreta indartu egin da Euskadin, besteak beste, Zabalburuko nerabeentzako eguneko ospitaleko 30 plazekin eta Galdakao-Usansoloko Ospitaleko 16rekin. Gaixotasun mentalak dituztenentzako Saralegiko zentroak dituen 15 plazak ere gehitu behar dira Bizkaiko zerrendara.
Arabak, bestalde, Gasteizko haur eta gazteentzako eguneko ospitalea du (10 plaza), eta, Gipuzkoak, Gipuzkoako arreta goiztiarreko unitatea, Donostian (14 plaza). "Guztira, 85 plaza daude Euskadin", azpimarratu du sailburuak.
Covid-19a gorabehera, Osasun Sailak buruko osasunerako gastua eta inbertsioa handitu ditu bi urte hauetan, eta horrek aukera eman du haur eta gazteen eremuko baliabideak bikoizteko, osasun mentalean espezializatutako langileen ratioa handitzeko eta gaixo, familia eta profesionalei laguntzeko programak ezartzeko.
Pandemiak behera egin duen honetan, gaur iragarritako estrategia berriarekin, Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuaren hitzetan, beste urrats bat eman nahi dute arlo horretan etengabeko bilakaeraren eta etengabeko hobekuntzaren ibilbidean.
Horrela, lehendik dauden programa ugariei eutsi nahi zaie, eta horiek indartu, eta ekintza berriak ere sartzea aurreikusten da, baita sortzen ari diren profilei arreta eman edo prebentzioa eremu guztietan indartu. Gainera, Euskadin suizidioa prebenitzeko estrategia garatzen jarraitu nahi dutela adierazi dute Osasun sailetik.