Gizartea -
Indarkeria matxista
Gizon bat atxilotu dute Oviedon 14 urteko neska bat hiltzea egotzita
Ustezko erasotzaileak 30 urte ditu eta biktimaren bizilaguna zen.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
14 urteko neska bat labankadaz hilda topatu dute Oviedoko etxebizitza batean, eta Poliziak haren bizilagun bat atxilotu du, hilketaren egilea delakoan, EFE agentziak ikerketaren iturriak aipatuta jakinarazi duenez.
Hilotza biktimaren gurasoen etxebizitzan aurkitu dute, arratsaldeko 16:00ak aldera. Auzokideek ohartarazita, poliziak etxean sartu direnean, gizon bat topatu dute neska gaztearen gorpuaren ondoan, odolez beteta eta labanaz egindako zauriekin. Ospitalera eraman dute, atxilotuta.
Ustezko hiltzaileak 30 urte ditu eta biktimaren bizilaguna zen. Auzokideek adierazi dutenez, duela hiru aste joan zen eraikin horretara bizitzera.
Poliziak homizidioa egotzi dio eta epaileak kasua sekretupean jarri du.