Gizartea -
Osakidetza
Gotzone Sagarduik dimisioa "berehala" ematea eskatu dute lau ospitaleko profesionalek
Zentroetako oinarrizko zerbitzuek pairatuko edo dagoeneko sufritutako murrizketak eta deuseztapena salatu dituzte agerraldian, "Bizirik. No al desmantelamiento" lelopean.
Agentziak | EiTB Media
Erreforma eta zerbitzuen lekualdaketa prozesuetan murgildurik dauden lau ospitaleko osasun profesionalek Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren "berehalako" dimisioa eskatu dute, ospitaleak "deuseztatzeagatik".
Basurtu (Bilbo), Bidasoa (Gipuzkoa), Santiago (Gasteiz) eta Onkologikoko (Donostia) osasun profesionalen ordezkariek prentsaurreko bateratua eman dute Bilbon.
Zentroetako oinarrizko zerbitzuek pairatuko edo dagoeneko sufritutako murrizketak eta deuseztapena salatu dituzte lau ordezkariek agerraldian, "Bizirik. No al desmantelamiento" lelopean.
Jose Miguel Hormaeche Basurtuko Ospitalearen Kardiologia Zerbitzuko buruzagiak Osasun Sailaren "aldebakarreko erreforma" gaitzetsi du, "osasun sistema zatitzen" ari direlako. Kirurgia kardiakoko zerbitzua Barakaldoko Gurutzeta Ospitalera eramateko asmoa dute arduradunek.
Horregatik, Gotzone Sagarduiren "berehala" dimisioa eskatu dute aho batez, "Euskadiko osasun ereduaren eraldaketa bitxiaren arduradun nagusia delako".
Bestalde, Kirurgia Arloa Onkologikora eramateko asmoa salatu du Bidasoako Ospitaleko bozeramaileak. Haren hitzetan, erabakiak Larrialdiei, Barne Medikuntzari, Hematologiari eta ospitaleratze solairuei kalte egingo die.
Onkologikoaren bozeramaileak kritikatu duenez, zentroan egiten ari diren kudeaketak "ez du jarraitzea bermatzen", ez behintzat gaixotasun onkologikoak bereziki sendatzeko ospitale gisa, orain arte bezala.
Azkenik, Gasteizko Santiago Ospitaleko ordezkariak Larrialdi zerbitzuaren "deuseztapena" kritikatu du. Otsailean hasi zela salatu du, Txagorritxu Ospitalera eramateko asmoz.
"Ongi funtzionatzen zuen erreferentziazko zerbitzu bat lapurtu digute", aurpegiratu du, "hiriko jende zaurgarriena bazterrean utziz", Arabako hiriburuaren erdialdean eta hegoaldean bizi diren 80.000 pertsona.