Gizartea -
Abisu horia
Haizeak eta tenperatura altuek baso sute arriskua areagotuko dute astelehenean
Arriskua bereziki handia izango da isurialde atlantikoan. Abisua indarrean izango da 00:00etatik 24:00etara. Gainera, egun berean beste abisu hori bat izango da haizeagatik 12:00etara arte.
Agentziak | EiTB Media
Eusko Jaurlaritzako Larrialdi eta Meteorologia Zuzendaritzak abisu horia indarrean jarriko du datorren astelehenean baso sute arriskuagatik. Haizearen ezaugarriek eta tenperatura altuek arriskua areagotuko dute.
Ohar batean jakitera eman dutenez, baso sute arriskua bereziki handia izango da isurialde atlantikoan. Abisua 00:00etatik 24:00etara egongo da indarrean.
Gainera, egun berean beste abisu hori bat izango da haizeagatik 12:00etara arte. Haizeguneetan hego-ekialdeko ufadek 100 kilometroko orduko abiadura gaindituko dute, batez ere ekialdeko mendialdeetan.
Era berean, abisu horia indarrean egongo da astelehen eguerdira arte, haizeguneak ez diren tokietan. Araban eta Gipuzkoan hego-ekialdeko haize-ufadek 80 kilometro orduko abiadura gainditu dezakete, batez ere ekialdean. Bizkaiko zokoetan 60-80 kilometroko ufadak izango dira.
3 metro baino gehiagoko olatuak
Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Larrialdi eta Meteorologia Zuzendaritzak abisu horia ezarri du ostiral eta larunbat honetan olatuengatik, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez. Hiru metro baino gehiagoko olatuak espero dira. Ostiral honetan 15:00etatik 24:00etara egongo da indarrean.
Larunbatean berriro aktibatuko da 00:00etatik 03:00etara.
Goizaldean, olatuen altuera adierazgarria 3,5 metrokoa izango da, goizean indarra galduko dute 2,5 metrora. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 2,5 metro inguruko olatuak altxatuko ditu goizaldean, eta goizean zehar 1,5-2 metrora jaitsiko dira.
Haizeak ipar-mendebaldetik joko du 3ko indarrarekin, nahiz eta goizaldean noizbait 4ko indarrarekin astindu. Goizaldean itsaskia eta itsaskirria eragingo ditu.