Gizartea -

Gorroto delituak EAE-n

LGTBI kolektiboaren kontrako delituek nabarmen egin zuten gora 2021ean Euskadin

Guztira, 73 kasu izan ziren, aurreko urtean ia halako bi. Igoera apalagoa eduki zuten eraso arrazista eta xenofoboek, eta horiek izan ziren nagusi gorroto delituen artean (10etik 6 izan ziren).

Homofobiaren kontrako manifestazio bat, iazko irailean. Argazkia: EITB Media
Homofobiaren kontrako manifestazio bat, iazko irailean.
Homofobiaren kontrako manifestazio bat, iazko irailean. Argazkia: EITB Media

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eraso homofobo, lesfobo eta transfoboak nabarmen hazi ziren 2021ean Euskadin, 73 kasu zenbatzeraino, UPV/EHUk egindako "Euskadiko Gorroto Gertakariei buruzko 2021ko Txostena"ren arabera. Dokumentua Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak goizean aurkeztu du Legebiltzarrean.

2020ko datua ia halako bi izan ziren iaz. 10 kasutik 7tan, biktima gizon homosexuala izan zen, 51 salaketarekin. Pertsona transexualek zazpi salaketa aurkeztu zituzten, eta lesbianek, zazpi; bederatzi kasutan, ez zen zehaztu biktimaren nolakotasuna.

"Euskadiko Gorroto Gertakariei buruzko 2021ko Txostena" UPV/EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedrako Jon Mirena Landak eta Enara Garrok zuzenduta eta koordinatuta egin da. Unibertsitateak urtero biltzen eta aztertzen ditu Ertzaintzaren aurrean aurkeztutako gorroto delituekin lotutako salaketak. Etnia, sexu, jatorri, erlijio, hizkuntza edo ideologia ezberdina duten pertsonen kontra egindako irain, mehatxu, eraso fisiko edo debekatutako ezein jarrera biltzen dira gorroto delituen baitan.

Zehazki, 2021ean 277 delitu eta 2 arau-hauste administratibo izan ziren. Txostenaren egileek nabarmendu dutenez, azken datu hori distortsionatuta egon liteke, izan ere, arau-hauste administratiboak kirol-ikuskizunetan eta sartzea ukatzeko eskubidearekin lotutakoekin (ostalaritzan eta gaueko aisialdian) ezartzen dira, eta biak ala biak oso mugatuta egon dira pandemia dela eta.

Orokorrean, gora egin zuten gorroto delituek (2020an baino % 15 gehiago). Segurtasun Sailaren arabera, nagusiki hiru dira igoera horren arrazoiak: era horretako portaeren aurkako kontzientzia eta intolerantzia handiagoa, salaketak instruitzeko polizia teknikoki hobeto prestatuta egotea edota erregistroaren sistematikan aurrera egin izana.

Eraso arrazistak eta xenofoboak, ugarienak

Aurreko urteetan bezala, gorroto delituen artean gehien-gehienak izaera arrazista edo xenofoboa duten delituak izan ziren, kopuru osoaren ia % 60 (162 kasu, 2020an baino % 40 gehiago). Biktimei dagokienez, 162 pertsonetako gehienak arabiarrak izan ziren behin berriro ere (47 kasu, ia % 30), eta ondoren, pertsona latinoamerikarrak eta beltzak.

Gainerakoan, eta tarte handi batera, egon ziren honako arrazoiengatik egindako erasoak: sexua (17 kasu, % 6,1), dibertsitate funtzionala (10 kasu, % 3,6), ideologia edo orientazio politikoa (10 kasu, % 3,6), sinesmen edo praktika erlijiosoak (3 kasu, % 1) eta aporofobia —pobreziaren eta pertsona pobreen aurka egindako erasoak— (2 kasu, % 0,7).

Erasotzailearen profila honakoa da: jatorriz euskal herritarra den 35 urte inguruko gizonezkoa. Dena dela, txostengileek ohartarazi dute adingabe erasotzaileen kopurua bikoiztu egin dela azken urtean: 2020an 14 pertsona auzipetu zituzten; 2021ean, 32.

Erasoen erdia, Bizkaian

Lurraldeka, Bizkaia izan zen gorroto delitu gehien erregistratu zituena, guztien % 52,7rekin; Gipuzkoan, kasuen % 31 erregistratu zituzten, eta Araban, % 15,8. Hiri eta herriei dagokienez, honakoak egon ziren zerrendaren buru: Bilbo, guztien % 16,6; Gasteiz, % 12,7; eta Irun, % 11,6.  

Azkenik, aipatu behar da delitu gehienak kalean gertatzen dira, arratsaldez eta gauez bereziki.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostia Ertzaintza Herriak eta Hiriak Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza EHU Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak Arrazismoa Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Homofobia mapa Albisteak Matxismoa LGTBI