Gizartea -
Hilketa
Espetxera igorri dituzte Barakaldon atxilotutako hiru gazteetako bi
Hirugarrena aske utzi dute, karguekin, baina epaitegira agertzeko aginduarekin, Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez.
Erredakzioa
Barakaldon 40 urteko gizonezko bat kolpez hiltzea egotzita astearte honetan atxilotutako hiru gazteetako bi espetxera igorri dituzte. Hirugarrena aske utzi dute, karguekin, baina epaitegira agertzeko aginduarekin, Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez.
Atxilotutakoak 18 eta 23 urte arteko hiru gizonezko dira, eta asteazken honetan geratu dira epailearen esku. Horrek, hiru gizonezkoetako bi espetxera bidaltzea erabaki du, eta 18 urteko gaztea aske uztea.
Gazteetako bik aurrekariak dituzte
Hiruren artean nagusia, 23 urtekoa, Barakaldon jaio zen, baina Galdakaon bizi da. Besteak beste, aitari eta bikotekideari erasotzea eta hainbat ibilgailutan eta telefono-kabinatan kalteak egitea egotzi zioten.
Beste bat 21 urtekoa eta Zaratamoko bizilaguna da. Bortxaz egindako lapurreta aurrekariak ditu, eta errudun jo zuten lesio delitu batean. Edukiontzi bat erretzeagatik ere atxilotu izan dute.
Azken atxilotua, 18 urtekoa, Espinosa de los Monterosen (Burgos) jaio zen, baina Barakaldon bizi da. Aurrekaririk ez duen bakarra da.
Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak goizean egin duen prentsaurrekoan adierazi duenez, hiru gazteek komisaldegian deklaratzeari uko egin diote.
Kolpez hiltzea leporatuta
Barakaldoko Udaltzaingoaren esanetan, ezbeharra 03:15ean jazo zen, Megapark merkataritza-gunean dagoen dantzalu batetik gertu.
Ordu horretan, hiru gazteek ustez eraso egin zioten gizonezkoari, baina oraindik ez dago argi zergatik.
Erasoaren ondorioz, gizona lurrean etzanda geratu zen, sudurretik odoluzten.
Osasun langileak biktima artatzen ari ziren bitartean, Udaltzaingoaren patruila batzuk Megaparkera joan ziren, lekukoek hara joaten ikusi baitzituzten ustezko erasotzaileak. Bi han bertan atxilotu zituzten, eta hirugarrena, dantzalekuaren barruan.