Gizartea -
Bilboko Portua
Denboraldiko lehen opor-ontziak iritsi dira Bilboko Portura
'Sky Princess' eta 'Britannia' ontziak gaur goizean iritsi dira portuak Getxon dituen instalazioetara. Abendura bitartean, 70 ontzitik egingo dute geldialdia portuan.
EITB Media
Bilboko Portuak gaur inauguratu du opor-ontzien denboraldia Sky Princess eta Britannia heltzearekin batera. Bertan geldialdia egiten duten lehen bi bidaiari-ontziak dira. Denboraldia abenduan amaitu arte, 70 ontzitik gora pasatuko dira Bilboko Portutik.
Andima Ormaetxe, Bilbok Portuko Operazio, Komertzio, Logistika eta Estrategia zuzendariak "oso positibotzat" jo du aurreikusitako denboraldia: "Aurten opor-ontziek Bilboko Portuaz fidatzen dira".
Duela gutxi iritsi dira bi bidaiari-ontziak Bilboko Portuaren Getxoko instalazioetara, eta gaur bertan abiatuko dira berriro. 3000 bidaiari baino gehiago eramateko lekua dute; baina, guztira, 5300 turista iritsiko dira gaur prebentzio-neurriak direla eta.
Bilboko Portutik espero dute denboraldi osoan zehar 100.000 turista iritsiko direla portura. Ormaetxeren arabera, bidaiari bakoitzaren eragin ekonomikoa "garrantzitsua" da; portukoek kalkulatzen dute bakoitzak 150 euro utz ditzakeela Euskal Herrian egindako geldialdian.
Sky Princess 07:30ean iritsi da Arroxelatik (Frantzia), eta 18:00etan irtengo da Lisboarantz; Britannia, berriz, 08:30ean iritsi da Coruñatik, eta hori ere 18:00etan abiatuko da Cherbourgerantz (Frantzia).
Nazioarteko turistek hainbat jomuga dituzte gogoko Euskal Herrian: Donostia bisitatzea, Bermeo, Gernika, Urdaibai, Bilbo eta Guggenheim museoa, Artxandako begiralekua, Arabako Errioxa...