Gizartea -
Elkarrizketa
Quintas: "Ez dago ezer olatu berri baten aurrean gaudela pentsatzera garamatzanik"
Osasuneko sailburuordeak adierazi du intzidentzia altua dela omikron "begiradarekin ere" kutsatzen delako, baina erietxeetan eragina handiagorik ez den bitartean, ez dago, bere ustez, alarmarako arrazoirik.
O.P. | Eitb Media
Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuorde Jose Luis Quintasek adierazi du epidemia-gailur gisa ulertzen denaren paradigma aldatu egin dela, eta azpimarratu du garrantzitsuena erietxeetako egoerari erreparatzea dela.
Goizean Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan, Quintasek azaldu du gaur egun ez dagoela koronabirusaren Delta aldaeraren "kasu bakar bat ere". Dena omikrona da, batez ere omikronaren BA.2 azpialdaera, eta horrek esan nahi du, "birusa askoz ere kutsagarriagoa den arren, sintomatologia larri gutxiago eragiten duela, eta, horrenbestez, askoz heriotza gutxiago"; erietxeetako martxan ere ez du aurreko aldaerekin konpara litekeen eraginik.
Argitu du intzidentzia-adierazleak ez datozela bat errealitatearekin, askoz proba gutxiago egiten direlako, batez ere 60 urtez azpikoetan. Hala ere, kutsatzeen indize altuaren ondorioz lortutako immunitate naturalak, txertaketa-tasa altuak eta omikronaren nagusitasunak ezaugarri epidemiologikoak aldatzea eragin dute, Quintasen iritziz.
Sailburuordea ez da pronostikoak egitera ausartu: "Beste aldaera erasokorrago bat sartzen ez bada", amaiera gertu egon daitekeela uste du, baina "aurreko faseetan ere esan ziren gauzak, eta gero ez ziren esan bezala gertatu; beraz, ezin dugu ezer ziurtatu edo aurreikusi". Hori bai, gaur-gaurkoz "ez dago ezer olatu berri baten aurrean gaudela pentsatzera garamatzanik" , berretsi du.
Osasun-neurriei dagokienez, uste du dagoeneko nabarmena dela erlaxatu direla, bai edukierei eta jende-pilaketei dagokienez, bai eta ostalaritzako barrualdeetan maskara erabiltzeari dagokionez ere, eta erlaxatze horrek intzidentzia igoarazi badu ere, ez du eraginik izan ospitaletan. Horregatik, zenbait barrualdetan maskararen derrigortasuna kentzea "ez da zentzugabekeria" bat bere ustez.
Zehaztu du osasun-zentroetan edo zentro soziosanitarioetan eta garraio publikoan musukoak derrigorrezkoa izaten jarraituko duela; lantokiei dagokienez, kasu bakoitza aztertzea gomendatzen du: "ikusi beharko da, adibidez, langileen arteko distantzia, lantokiaren aireztapen-ahalmena, edo lana isilik edo hizketan egiten den".
Txertoari dagokionez, Quintasek "ez dio zentzurik ikusten" 4. dosiaren kanpaina masibo bati, "zaurgarrienetan soilik" erabiliko luke.