Gizartea -
Espetxe zigorra
7 urteko espetxe zigorra ezarri dio Auzitegi Nazionalak Pedro Sanchez hil nahi zuen gizonari
Akusatuak (eskuin muturreko inguruneei lotua), Sanchez akabatzeko "asmo tinkoa" zuela azaldu du epaiak. Epaileak ez du egiaztatu akusatuaren asaldura psikikoa. Legez kanpo armak edukitzeagatik ere zigortu dute gizonezkoa.
Agentziak | Eitb Media
Auzitegi Nazionalak zazpi urte eta erdiko kartzela-zigorra ezarri dio sare sozialetan Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea "frankotiratzaile gisa" hiltzea proposatu zuen gizonari.
Manuel Murillo, 66 urteko Terrasako bizilaguna eskuin muturreko inguruneei lotua, 2018an atxilotu zuten. Orain, zigor-arloko laugarren sekzioak hilketa delitu bat leporatu dio, proposamen graduan, bai eta legez kanpoko armak edukitzea ere. Zortzi urtez armak edukitzeko eta eramateko eskubidea ere kendu dio epaileak.
Auzitegiak ez du frogatutzat jo akusatuaren asaldura psikikoa, eta ez ditu aintzat hartu ez intoxikazio etilikoaren salbueslea, ez eta alkoholaren eta sendagaien kontsumoagatik mozkortuta egotearen aringarria ere.
Murillok, Rubiko (Bartzelona) azken alkate frankistaren semeak, 2018ko ekainetik aurrera "Terrasa por España" WhatsApp taldean zabaldu zituen mezuak jasotzen ditu epaiak, Francisco Franco diktadorearen gorpuzkiak hobitik ateratzearen aurkako mezuak.
"Frankotiratzaile bat naiz eta tiro zehatz bakarrarekin, akabo Sanchez, Espainia erabat hondoratu aurretik. Ez litzateke gerrarik beharko"; "ezin ditugu Francisco Franco eta Jose Antonio Primo de Rivera iraindu (...) Beharrezkoa bada, armatuta joango naiz eta Francoren hilobian eseriko naiz, eta tiro egingo diot gerturatzen den orori", izan ziren mezu horietako batzuk.
2018ko ekainetik irailean atxilotu zuten arte, foro horretan eta beste elkarrizketa pribatu batzuetan Sanchez akabatzeko asmoa adierazi zuen; "Espainiako egoera politikoa aldatzeko irtenbidea Gobernuko presidentea hiltzea zela barneratuz joan zen, eta hori gauzatzeko laguntza eskatzen tematu zen" dio epaiak.
Segurtasun-zaintzaile gisa lan egiten zuen Murillok, eta atxilotu ondoren arma sorta bat atzeman zioten, arautuak 13 eta legez kanpokoak beste zazpi, tartean gerra-arma bat; armategi horrek agerian uzten du, auzitegiaren arabera, gizonezkoaren arriskugarritasun handia.
Bere mezuak aztertu ondoren, auzitegiak adierazi du egiaztatuta geratu dela "gero eta indar handiagoz" adierazten joan zela "Gobernuko presidentearen bizitzari amaiera emateko asmo tinkoa".
Beraz, "asmoak, asmo huts izanagatik", Pedro Sanchezen "heriotza eragiteko iraunkortasuna, finkapena eta determinazio argia" zuen, eta, gainera, "bere ideia kriminala gauzatzeko behar zuen laguntza behin eta berriz" eskatu zuen, epaiaren arabera.