Gizartea -

Euskara

Seaskak auzitegira jotzea aztertuko du, azterketak euskaraz egiteko eskubidea lortzeko

Seaskako arduradunak Bordeleko Hezkuntza errektorearekin bildu dira, baina honek esan die ez duela ahalbidetuko baxoa eta brebeta euskaraz egiteko aukera.

Azterketak euskaraz egiteko eskubidearen alde Baionan egindako mobilizazio bat. Argazkia: Seaska
Azterketak euskaraz egiteko eskubidearen alde Baionan egindako mobilizazio bat. Argazkia: Seaska
Azterketak euskaraz egiteko eskubidearen alde Baionan egindako mobilizazio bat. Argazkia: Seaska

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Seaskako arduradunak Bordeleko Hezkuntza errektorearekin bildu dira gaur arratsaldean eta, besteak bete, baxoa eta brebeta azterketak euskaraz egin ahal izateko eskubidea errespetatzeko eskatu diote, baina honek ezetz erantzun die.

Egindako eskaera guztiak atzera bota dituela ikusita, Peio Jorajuria Seaskako presidenteak Euskadi Irratian iragarri du Paueko Administrazio Auzitegira jotzeko aukera aztertuko dutela orain.

Frantziako Hezkuntza Ministerioak baxoan eta brebetan proba batzuk euskaraz egiteko aukera aitortzen duen hitzarmena argitaratu zuen iaz, baina Seaskak salatu du ez dutela agindutakoa bete.

Aspaldiko aldarrikapena da. Urteak daramatzate eskubide hori aitortzeko borrokan eta azkeneko protesta ekintza joan den astean egin zuten: Hezkuntza Ikuskaritzaren egoitzak okupatu zituzten Donapaleun, Donibane Lohizunen eta Baionan.

Bordeleko Hezkuntza errektorearekin biltzeko hitzordua lortu ostean, bertan behera utzi zuten okupazioa. Eta honek beraien eskari guztiak baztertu dituela egiaztatu ondoren,  azterketak euskaraz egiteko aukera errespetatzeko auzitegira jotzea aztertuko dutela jakinarazi dute gaur.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara Iparraldea Gizartea Albisteak Gaur Albisteak Hezkuntza Zuberoa Lapurdi Nafarroa Beherea