Gizartea -
Gastronomia
Martin Berasategui: 'Restaurant’ aldizkariaren zerrenda amarrua da'
Sukaldariaren ustez, aldizkariak "ez du aurrekonturik" munduko 50 jatetxe onenen zerrenda egiteko, eta hori beharrezkoa da, haren hitzetan, bidaiatzeko eta herrialde bakoitzeko jatetxeak bisitatzeko.
Erredakzioa
Martin Berasategui sukaldariak gogor kritikatu du gaur Restaurant aldizkari britainiarrak igandean munduko 50 jatetxe onenak izendatzeko argitaratu zuen zerrenda. "Amarrutzat eta gezurtzat" hartu ditu.
Sukaldari donostiarrak hainbat Michelin izar ditu, horietatik hiru Lasarteko jatetxeagatik. 2011ko zerrenda (29. postua eskuratu zuen) publikoki kritikatu ostean aurten lortutako emaitza (67. postua) espero zuela esan du Berasateguik.
"Nire ustez, zerrenda hori ez da benetakoa, ezta justua ere, iruzur baten emaitza da", nabarmendu du sukaldariak. Halaber, bera manipulatzen uzteko "adinean" ez dagoela gaineratu du.
Britainia Handiko kalifikazioak "batere serioak" ez direla nabarmendu du, besteak beste, "munduko 50 jatetxe onenen zerrenda egiteko aurrekonturik" ez duelako. Izan ere, hori behar-beharrezkoa da, sukaldariaren htizetan, bidaiatzeko eta herrialde bakoitzeko jatetxeak bisitatzeko.
"Gastatu duten aurrekontu bakarra Londreseko jaikoa izan da", azpimarratu du, 50 jatetxe onenen zerrendan, besteak beste, Akelarre Pedro Subijanaren jatetxea (hiru Michelin izar ditu) jarri ez izana kritikatu ostean.