Gizartea -
Trafikoa
EAEn alkoholean positibo ematen duten lau gidaritik bat istripuren batean atzeman dute
Zirkulazio arau-hausteetan harrapatu dituzte positibo eman dutenen ia 10etik 9.
agentziak | eitb media
Ertzaintzak 571 gidari zigortu ditu urteko lehenengo hiruhilekoan alkoholemia kontrolean positibo emateagatik, eta horietako 138 istripuren batean harrapatu dituzte. Horrek esan nahi du alkoholean positibo eman dutenen % 24 ezbeharren batean atzeman dituztela.
Europa Press albiste-agentziak Eusko Jaurlaritzaren datuetan oinarrituta zabaldu duenez, Ertzaintzak 6.939 alkoholemia test egin ditu urteko lehen hiru hilabeteetan, eta 6.346tan (% 91,4) negatiboa izan zen emaitza, 571tan positibo (% 8,2), zazpi gidarik uko egin zioten proba egiteari eta beste 15i ezin izan zitzaien egin.
Egindako alkoholemia kontrol guztietatik, 1.895 istripuetan egin zituzten. 1.745ek negatibo eman zuten (% 92), 138k positibo (% 7,3), eta 12k uko egin zioten edo ezin izan zitzaien egin.
Alkoholean positibo eman duten gehien-gehienak (% 86) zirkulazioko arau-hausteren bat egiten harrapatu dituzte. Hain zuzen ere, hori izan zen 207ren kasua.
Ertzaintzak lehenengo hiruhilekoan egindako 4-804 prebentzio testetan, berriz, % 95ek eman zuten negatibo, 226k positibo, eta 10ek uko egin zioten edo ezin izan zitzaien egin.