Gizartea -
ezbeharra
Bilboko itsasadarrean hil da Barakaldoko Udaltzaingoarengandik ihesi zihoan gizon bat
Erreskatea 08:00ak aldera izan da, Bilboko Abusu auzo parean.
i.l.k. | eitb media
Barakaldoko Udaltzaingoa jarraitzen ari zen auto bateko gidaria Bilboko itsasadarrean hil da, igande goizeko lehen orduetan. Antza, agenteengandik ihesi zihoan eta uretara bota du bere burua.
Goizeko 07:00ak aldera hasi da pertsekuzioa. Izan ere, Udaltzaingoak "era susmagarrian" gidatzen ari zen gizon bat ikusi du, "mugimendu susmagarriak" egiten.
Gelditu ordez, gidariak ihesari ekin dio Bilboko Abusu auzora iritsi arte. Bertan, ibilgailutik atera eta uretara bota du bere burua, antza agenteengandik ihes egiten jarraitzeko.
Gizona uretan hil da, eta Bilboko Suhiltzaileek erreskatatu dute haren gorpua, goizeko 08:00ak aldera. Jarraigo judiziala bertaratu da tokira, gorpua altxatzeko.
Heriotzaren ondoren, ikerketa ireki dute gizonaren identitatea eta Barakaldoko agenteengandik ihes egitearen arrazoiak argitzeko.