Gizartea -
ukrainako gerra
Eusko Jaurlaritzak harrera-gida argitaratu du ukrainar errefuxiatuentzat
Euskaraz, gazteleraz eta ukrainarrez argitaratu dute gida eta pertsona horiei Euskadin finkatzeko prozesua erraztea du helburu, kolektibo zaurgarrienei arreta berezia eskainiz.
agentziak | eitb media
Eusko Jaurlaritzak harrera-gida argitaratu du Euskadira iristen diren Ukrainako iheslarientzat. Jasotzen duen informazioaren artean dira premiazko ostatuak, baimenak, nazioarteko babes eskaerak eta eskuragai dituzten erakundeen zerbitzu eta laguntzak.
Euskaraz, gazteleraz eta ukrainarrez argitaratu dute gida eta pertsona horiei Euskadin finkatzeko prozesua erraztea du helburu, kolektibo zaurgarrienei arreta berezia eskainiz.
Seniderik gabe iristen diren adingabekoei dagokienez, txostenak dio foru aldundiak arduratuko direla euren egoera sozio-familiarraren balorazioaz, aldi baterako zaintza gain hartuko dutela eta, udalekin batera, arrisku edo babesgabetasun egoera posibleak baloratuko dituztela.
Gidak kolektibo zaurgarri gisa azpimarratzen duen beste talde bat da indarkeria matxistaren biktima izan diren edo sexu askatasunaren aurkako delituak pairatu dituzten emakumeena. Indarkeriaren biktima diren emakumeei laguntzeko, Satevi zerbitzua eskaintzen zaie: 900 840 111, eta gogorarazten zaie, besteak beste, ukraineraz zein errusieraz hitz egin dezaketela laguntza-telefono horrekin.
Era berean, LGTBI kolektiboko ukrainar errefuxiatuei, bestelako behar espezifikoak dituztenei eta laguntza eskatzen dutenei Berdindu zerbitzu publikoaren kontaktua luzatzen zaie.
Oro har, gidak Gurutze Gorriaren eta CEARen telefono eta helbideen inguruko informazioa ematen du. Zerbitzu horietara zuzendu daitezke iritsi berri diren edo Euskadira bidean dauden pertsonak.
Gainera, bizileku-baimenak eta bestelako laguntzak eskatzeko informazio osoa ematen du gidak. Izan ere, pertsona horien egoera bereziagatik, sistema eta zerbitzu publiko gehienetarako sarbidea daukate, aldi baterako babes baimena eskatu ala ez eskatu. Hala ere, baimena non eta nola eskatu adierazten zaie, baita horretarako behar dituzten agiriak zeintzuk diren ere.
Gidak informazio zabala jasotzen du gizarte zerbitzuetara nola jo jakiteko; Osakidetzarako, Lanbiderako eta Hezkuntza sistemarako sarbidea izateko eta errolda-izapideak betetzeko.
Txostenaren amaieran, oinarrizko gomendioak eskaintzen dira Euskadira maskotekin iritsi diren pertsona ukrainarrentzat.